'Hondartza Denontzat' lagundutako bainu zerbitzu programa martxan da Mundakan
Mugikortasun arazoak dituztenen pertsonei laguntzeko zerbitzua da. Abuztuaren amaierara arte begirale talde batek tresna bereziekin lagunduko diete hondartzetan eta uretan ibiltzen.

Bidaideak irabazi asmorik gabeko erakundeak kudeatutako Hondartza Denontzat programa martxan da berriz. Bizkaiko Foru Aldundiaren eta BBK Fundazioaren finantzazioagaz, Bizkaiko kostaldean “estrategikoki banatutako” sei hondartzatan lagundutako bainu zerbitzua eskainiko dute: Plentzian, Getxoko Ereagan, Lekeitioko Isuntzan, Gorlizko Astondon, Ondarroako Arrigorrin eta Mundakako Laidatxun.
Gaur goizean batu dira azken horretan Txema Alonso Bidaideak-eko koordinatzailea, Unai Gangoiti aldundiko ingurumeneko foru zuzendaria eta Ixone Zubieta BBKko Gizartaratze arloko arduraduna.
IKUSI HEMEN GAURKO ARGAZKI GALERIA
Mugitzeko arazoak dituztenentzako zerbitzua martxan dago jada, eta abuztuaren amaierara arte iraungo duela azaldu dute arduradunek. Programak formakuntza jasotako begirale taldea biltzen du sei hondartzetan, eta horiekin batera hainbat laguntza tekniko eskainiko dizkiete mugikortasun arazoak dituzten herritarrentzako.
Gangoitik azaldu duenez, Hondartza Denontzat programaren helburua “jende guztiak hondartzara etortzeko aukera edukitzea” da; horretarako “bere kabuz hondartzara hurbildu ezin diren pertsonen kasuetan” laguntza eskainiko dute.
15 urteko ibilbidea. Programak 15 urte betetzen ditu, eta ibilbide luze horretan “oso ondo baloratutako zerbitzua” dela azaldu du ingurumeneko foru zuzendariak. Horrela, aisialdi inklusiboko baliabide batez hornituko dituzte hondartzak, “udan mugikortasun murriztuko jendeari Bizkaiko hondartzetara joatea eragozten dioten oztopoak gainditzeko”.
Alonsoren berbetan, programagaz “desgaitasunak dituzten herritarrek laguntza gune bat aurki dezakete hondartzetaz eta bainuetaz gozatu ahal izateko”. Erakundeen laguntza zerbitzua bizirik mantentzeko “ezinbestekoa” dela aldarrikatu du. Izan ere, 21 begiraleak uztail eta abuztuko egun guztietan 11:00etatik 19:00etara bitartean ariko dira zerbitzua eskaintzen.

Itsasoaz gozatzeko aukera eskaintzen du zerbitzuak.
Hainbat tresna eta zerbitzu. Gainera, zerbitzu barnean uretako gurpilak dituzten 30 aulki erabiliko dituzte lagundutako bainu zerbitzua gauzatu ahal izateko; bederatzi mendekotasun arineko indizeak dituztenentzat, hamabost mendekotasun ertaineko jenderantzat eta zazpi mendekotasun handiko pertsonentzat.
Harean ibiltzeko 70 makulu pare berezi ere dituzte; baita lau garabi hidrauliko ere, “begiraleek mugitzeko arazo larriak dituzten erabiltzaileak errazago mugitu ahal izateko”. Tresneria horrekin batera, erabiltzaileen premiak asetzeko beharrezko azpiegitura ere ezarri dute hondartzetako laguntza guneetan: zurezko plataformak, karpak, aulkiak, mahaiak, komun egokituak eta aldaketak daude, besteak beste.
IKUSI HEMEN GAURKO ARGAZKI GALERIA
Erabiltzaileak hondartzetara eramateko garraio egokituaren zerbitzu berezia kudeatzen du Bidaideak-ek. Alonsok azaldu duenez, zerbitzua haziz joan da urteak pasa ahala. 2004an bi hondartzatan proba pilotu modura jaio ostean, 15 urteren ondoren etengabe handituz joan da, eta dagoeneko 5.300 pertsona baino gehiagok erabili dituzte programak eskainitako zerbitzuak.