II. Bermeo Tuna Tagging Challenge ekimenean izena emateko epea zabaldu dute
Irailaren 20tik 22ra bitartean egingo dute arrantza proba. Uztailaren 31ra arte dago zabalik izena emateko epea. Ingurumenarekiko kontzientziazioa eta ezagutza zientifikoa sustatuko dute arrantzaren bitartez.
“Zientzia egiteko modu dibertigarri” bezala aurkeztutako egitasmoa, Bermeo Tuna Tagging Challenge bigarren urtez egiteko deialdia zabaldu dute Azti zentro teknologikoak eta Bermeo Tuna World Capital ekimenak. Hegalaburra elektronikoki markatzeko bigarren erronka irailaren 20tik 22ra bitartean egingo dute.
Egitasmoa “herri zientzia programa” dela adierazi dute zentro teknologikotik. “Ingurumenarekiko errespetua sustatzeko” eta herritarren artean “ezagutza zientifikoa zabaltzeko” bidea dela azaldu dute. Helburu horiek hegalaburraren ikerketaren inguruan egituratu dituzte.
Izan ere, ekimenagaz hegalaburrak Bizkaiko Golkoan bizi duen egoeraren berri emango dute. Probak iraungo dituen egunetan, markatzearen garrantziari buruzko solasaldiak, hori egiteko erabili beharreko teknikak eta azken urteetan lortutako aurrerapenak azalduko dituzte.
Herritarrei informazio hori helarazteko arrantza proba bat sortzea erabaki zuten antolatzaileek.”Bizkaiko Golkoan hegalaburra markatzeko jardunaldi honek aisialdiko arrantza sektorearen indarra arrantzarako espezieen iraunkortasunaren alde jartzen du”, adierazi dute.
“Arrantza mota honen zaleen eta itsas iraunkortasuna eta biodibertsitatea babestearen alde egiten duen arrantza ikerketaren arteko harremanak indartzeko balio du”.
Markaketa proba horretan arrantzale parte hartzaileek hegalaburrak arrantzatu eta horien zenbait ezaugarri edo neurri hartu behar dituzte. Besteak beste, pisua eta tamaina, arrantzatu duten gunea eta bertako uraren temperatura eta data dira arrantzaleek kontuan hartu beharko dituztenak. Hegalaburra marka batekin identifikatu ondoren, hori itsasora itzuliko dute.
Aztiko kideek uneoro proba monitorizatuko dute, arrantza eta markaketa prozesua ikuskatzeko lana hartuta. Aldi berean, tunidoak era egoki batean zainduko dituztela ziurtatuko dute, arrantzaleei jarduteko era egokiak azalduta.
Lasterketa irabazteko, probak irauten duen epean arrantzaleek ahalik eta markaketa gehien egiteko lana izango dute. Era horretara aisialdiko arrantzaleak, arrantzale profesionalak eta ikertzaileak elkarlanean jartzen dituen egitasmoa dela diote Aztikoek.
Izen ematea. Izen ematea irekita dagoela iragarri dute. Parte hartu nahi dutenek uztailaren 31 baino lehen BTWCren webgunean izena eman beharko dute. Izen emateak 30 euroko prezioa du, eta ontziko gutxienez bi kide egon beharko dira. Adierazi dutenez, partaideen kopurua mugatuta egongo da, eta horien aukeraketa esperientziaren arabera egingo dute.
Ikertzaileek nabarmendu dutenez, ohiko markaketa tunidoen mugikortasun jarraibideak ikertzeko “oso eraginkorra” den arren, sistema horrek ez du balio arrantzatu ostean hegalaburrak egindako bidea edo banakako jokaerak zehazteko. Tuna Tagging Challenge probak berritasun bat dakarrela azaldu dute: tunidoen markaketa elektronikoa da, eta horrek jarraipen zehatzago eta zabalago bat egin ahal izatea ahalbidetzen du.
Marka horiek arrainarengatik askatu eta itsas azalera igotzen dira. Satelite bidez ikertzaileek jasotzen duten informazioa bidaltzen dute bertatik eta beraz, ez da arraina berriz harrapatu behar jarraipena egiteko.
Hegalaburra babestu. 1990 eta 2008 bitartean hegalaburrak gehiegizko ustiapena jasan zuen. Ordutik hona hori ekiditzeko hainbat neurri hartu izan dituzte, batez ere Hegalaburraren Kontserbaziorako Nazioarteko Batzordeak bultzatuta. Azken urteetan “hegalaburraren egoera hobetu den arren”, arrain horren inguruko ezagutza areagotzeko eta babesteko helburua dauka Bermeo Tuna Tagging Challenge erronkak.
Proba Seastainable Ventures enpresagaz elkarlanean prestatzen ari dira. Ekonomia urdina ardatz duten proiektuak sortzen dituen enpresa liderra dela azaldu dute Aztitik, ingurumenarekiko inpaktu sozial positiboa lortzeko helburua izanik. BTWC ekimenak iaz elkarlanerako hitzarmena sinatu zuen aipatutako enpresagaz, eta horren ondorioetako bat da Bermeo Tuna Tagging Challenge.
Beste hainbat laguntzailegaz batera ari dira lanean: Eusko Jaurlaritza eta Bermeoko Udala, Garmin, Grundens, Amegari eta Game Fisher izango dira babesleak. Gainera, Nazioarteko Aisirako Arrantza Elkartearen (IGFA) laguntza ere jasoko dutela azaldu dute.
Antolatzaileek iaz egindako probaren “balorazio positiboa” gogora ekarri dute. Guztira nazioarteko bederatzi taldek parte hartu zuten, eta harrapatutako hegalaburren artean, 185 zentimetro eta 130 kiloko aleak marka guztiak apurtu zituen.