Heldu da sankristobalen txanda
Denborarik galdu barik, Busturialdeko herritarrek jaietan murgilduta jarraitzen dute. Sankristobalen txanda iritsi da Busturira, Forura eta Gernika-Lumora, eta badute non gozatu.
San Kristobal jaiak iritsi dira. Sanpedroei ostekoa hartuta datoz hainbat herritara. San Kristobal Eguna uztailaren 10ean bada ere, asteburuan hasita, festa giroan murgilduko dira Busturialdeko bizilagunak.
Busturiko San Kristobal auzoko jaia handiak izaten dira sankristobalak, eta eskualdeko gazte zein nagusien topagune bihurtzen dira auzoko festak. Adin guztiei zuzendutako egitaraua prestatu dute beste behin, eta egunez zein gauez ondo pasatzeko aukera paregabea edukiko dute Busturira doazenek. Bihar emango diete hasiera txupina jaurtitzeagaz batera.
Jaiak lau egunetan luzatuko dituzte aurten; plaza beteko dute bihar Ozhen, Dientes de Luna talde gernikarrak eta Ilargi Beltza erromeriak. Txirrindulari lasterketan ere parte hartu dezakete busturiarrek etzi. Plazan, berriz, herri danborrada edukiko dute aukeran. Gaua Enkore eta Ze Esatek taldeek musikatuko dute, eta DJ Jaikidek jarriko ditu goizaldeko doinuak. Domekan, herriko Irrintzi Alai Dantza taldearen emanaldiagaz gozatzeko aukera edukiko dute bertara doazenek.
Foruan dagoeneko berrogeita batgarrenez egingo duten untxi txapelketak «lehia bizia» eramango du herrira domekan, eta horrez gain, umeek zer edo zer egiteko aukera izango dute beraiei zuzendutako jarduera eta jokoekin.
Jai tradizionalak. Aldaketa gutxigaz datoz sankristobalak Gernika-Lumoko Agarre auzora. Lumoko jaiei lekuko hartu eta denetariko txapelketekin gozatu ahal izango dute auzotarrek.
Bihar San Fermin Txiki Eguna ospatu eta gero jaurtiko dute txupina, eta domekara bitartean, txapelketak izango dira nagusi herriko gune horretan: hala nola, tortilla, mus, skate, futbito eta sukalki txapelketak lehiatuko dituzte. Basque Pool Series izeneko Euskal Herriko Skate Txapelketan Open mailako irristatzaile onenak egongo direla zehaztu dute antolatzaileek.
Sardina bakalau kale antzerkiagaz gozatzeko aukera ere edukiko dute auzoan, eta ohiko sardina jana ere ez da faltako. Dantzek eta abestiek ere lekua izango dute; hainbat talde saiatuko dira herritarrak dantzan jartzen. Jokaldi erromeria izango da auzoa girotuko duen azken taldea domekan. Euren ikuskizuna bukatu eta jarraian jaurtiko dute jaien bukaera iragarriko duen txupina.