URAk Busturiko Axpe auzoko errekaren ibilgua egokitzeko lanak egingo ditu
Hiru helburu ditu Uraren Euskal Agentziak: zonaldean uholde arriskua murriztea, mehartutako eta estalitako errekaren tarte bat leheneratzea eta gaur egun estalita dagoen Errotatxo zubiaren ondare historikoa balioan jartzea.
Axpe eta Amunategi auzoetatik igarotzen den Amunategi errekaren ibilgua hobetzeko lanak gauzatuko ditu Euskal Uraren Agentziak. URAk adierazi duenez, lanekin helburu hirukoitza lortu nahi dute.
Lehenik, zonaldean uholde arriskua murriztu nahi dute. Izan ere, euriteak gertatzerakoan errekak gainezka egin eta uholdeak gertatzeko arriskua dago. Esaterako, erreka Axpe zeharkatzerakoan lurrazpitik doan eremu labur batetik igarotzen da, arrisku handiko gune bat izanik.
URAtik zehaztu dutenez, erreka tarte osoan uholdeek “arazo errepikakor nabarmenak” sortzen dituzte; 10 urteko errepikatze denborako uholdeek ere erasanak sortzen dituzte. Hala, eremuan ur goraldiekiko segurtasun maila handituko dute.
Bigarrenik, egokitze lanekin mehartutako eta estalitako errekaren tarte bat leheneratzeko helburua dute. Lanak Busturiko Amunategi eta Mape errekak leheneratzeko eta uholdeei aurre egiteko lanak berregiteko proiektuaren barnean egingo dituzte. Hain zuzen ere, “2009 eta 2011an erreka bi horien tarteetan egindako lanen jarraipena” izango da.
Azkenik, gaur egun erdi estalita dagoen Errotatxo zubiaren ondare historikoa balioan jarri nahi dute. Gernika-Lumo eta Bermeo batzen zituen errege bidearen ibilbidea jarraitzen zuen zubi zaharrak auzoa igarotzen duen errepide berriagaz bat egiten du.
Estaldura laburragoa. Lanak gauzatzeko estalduraren zati bat eraitsiko dute. Gaur egun estaldurak dituen 35 metroko tartea laburtu egingo dute, 12 metroko lur azpiko galeria batera murrizteko. Tarte berri hori Amunategi erreka igarotzen duen bideari eusteko baino beharrezkoa ez dela adierazi dute URAtik.
Estaldura laburtuta ibai ibilgu tarte berri bat sortuko dutela azaldu dute, “lurrazpian luzera gutxiagoan igaro dadin”. Aldi berean egungo ibilguaren zabalera handituko dute. Era horretara ingurumen kalitatea ere hobetuko dutela nabarmendu dute; pareta bertikal bat kendu, ezponda etzan, eta ibaiertza birlandatuko dute.
Horrela, estalita dagoen Errotatxo zubiaren zatia begi bistan utziko dute. Adierazi dutenez, “nahiz eta Errotatxoko zubiak ondare kalifikaziorik izan ez, Bizkaiko Foru Aldundiko Ondare departamentuak zubiaren balio historikoaren berri eman zuen”. Errotatxoko zubiaren eta lurpeko galeria berriaren artean 1,5 metroko estali gabeko tartea eraikiko dute, egitura hobetuz horrela.
Ingurumen integrazioa. Estaldura laburtzeaz gain, estalperik gabeko 90 metro luzerako tarte bat egokitzeko lanak ere egingo dituzte, “ingurumen eta ur hustutzearen ahalmenak hobetzeko” asmoz.
Agentziak azaldu duenez, “eskumako ibaiertzan ura bideratzeko eta ertz bera eusteko paretak egoera eskasean daude” gaur egun, “arrakalekin, eta euskarrian harriak falta dituztela”. Harri-lubetak erabilita horma horiek egonkortu egingo dituzte.
Ezkerreko ibaiertzan, berriz, harri hormak eta hormigoiz egindako paretak daude. Horiek egonkortu beharrean erauzi egingo dituzte, “zabalera handitu eta paisaia eta ingurumen integrazioa handitzeko”.