Itziar Ariztimuñok bigarren denboraldirako akordioa lortu du Lointek Gernikagaz
20 urteko bilbotarrak bere laugarren denboraldia beteko du Emakumezkoen Ligan. Ikasten eta hazten jarraitzeko lekurik onena klub gernikarra dela argi daukala adierazi du.
Naiara Diez eta Gintare Mazionyteren ostean, hirugarren kontratu berritzearen berri eman du gaur Gernika KESBek. Itziar Ariztimuño bilbotarrak bere bigarren denboraldia beteko du Lointek Gernikan. 20 urtegaz, laugarren denboraldia egingo du Emakumezkoen Ligan.
“Lointeken jarraitzeko ez du zalantzarik eduki; ikasten eta jarraitzen jarraitzeko lekurik onena dela argi eduki dut beti. Apurka-apurka jokoan garrantzia gehiago edukitzen ari naiz. Badakit intentsitatea eta txispa ematea dela nire zeregina. Erraza ez den arren, aurreko denboraldikoa hobetzen ahaleginduko gara eta afizioari partiduetara etortzen jarraitzea eta gozatzea eskatzen diot”, adierazi du Ariztimuñok.
Hain zuzen, jokalari moduan “heldu” izana eta pistan intentsitatea eta erritmo aldaketa ematea azpimarratu dituzte klubaren arduradunek. Indautxuarrak partiduko 14,5 minutu jokatu zituen batez beste aurreko denboraldian, 2,7 puntu, 1,7 errebote eta 1,7 asistentziagaz.
Momentuz jokalari hauek osatzen dute Lointek Gernikaren 2019-2020 denboraldiko taldea: Naiara Diez, Gintare Mazionyte, Itziar Ariztimuño, Gaby Ocete, Nogaye Lo, Belen Arrojo, Blake Dietrick eta Nikolina Milic.