Arantxa Tapiak basogintza sektoreko diru laguntzei buruz berba egin du Muxikako Ebaki enpresan
Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretarako sailburuak goizean bisitatu du enpresa muxikarra eta Lehiatu Berria eta Lehiatu Promocion programen bidezko diru laguntzen garrantzia azpimarratu du, "sektorea hazten eta eraldatzen" laguntzen dutelako.
Arantxa Tapia Otaegi Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretarako sailburua Muxikako Ebaki XXI enpresan egon da goizean. Bittor Oroz Izagirre Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak, Peli Manterola Arteta Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak eta enpresako arduradunek lagunduta bisitatu ditu instalazioak. Hain zuzen, Manuel Araukoa Ebaki XXIko presidentea, Eduardo Marquez Ebaki XXIko zuzendari orokorra eta Kepa Atutxa Administrazio Kontseiluko kidea izan dira enpresaren ordezkariak.
Lehiatu Berria eta Lehiatu Promocion programei buruz berba egiteko agerraldia egin du bertan. Nekazaritzako, elikagaigintzako eta basoko produktuak eta arrantzako eta akuikulturako ondoriozkoak eraldatzea, merkaturatzea eta sustatzea dira aipatu laguntzen helburu nagusiak. Lehiatu Berria programaren barruko diru laguntzak uztailaren bukaera arte eskatu daitezke, eta abuztura arte Lehiatu Promocion-en barrukoak.
Sektorea “hazten eta eraldatzen laguntzen” duten diru laguntzak direla azpimarratu du Tapiak, eta Ebaki XXI Lehiatu Berria programaren “adierazle” dela esan du: “Azken lau urteetan 45 milioi euro jarri ditugu beste 240 mobilizatzeko. Nolabait aurten 13 milioi dira bi programetan; 12,5 Lehiatu Berrian eta 500.000 euro Lehiatu Promocion-en. Programa berezi hauek enpresak aurrera egiteko eta inbertsio berriak egiteko lagungarriak dira”.
Gaur azaldu dutenez, Ebaki XXI enpresak laguntza horiek 20 milioi eurotik gorako inbertsioak finantzatzera bideratu ditu, bereziki puntako makinerian eta abangoardiako sistema teknologikoetan. Zehazki, finantzatutako proiektuak honako hauek izan dira: Hutsak ezabatzeko eta Finger Joint sistemarekin lotzeko zura optimizatzeko eta saneatzeko lerroa, biomasa-galdarak eta lehortze-unitateak iragazketa-sistemarekin, atmosferara egiten den partikulen igorpena ezabatzeko, eta zur lodirako zerraketa-lerroa eskaneatuarekin, optimizazio bolumetrikorako eta kalitateen hautaketa automatikorako”.
Azken urteotan 600 proiektu baino gehiago jarri dituztela martxan gogora ekarri du Tapiak. “Horrelako proiektuak eta enpresak izatea garrantzitsua da. Lehen sektoreko horrelako transformazioa eta merkaturatzea ezinbestekoa dugu. Ezin dugu bakarrik nekazaritzan gelditu; hau da, produkzioan gelditu. Baizik eta behar duguna da eraldatu eta merkaturatu. Uste dut horrelako proiektuen bitartez eta gure programak erabiliz lortzen dela horrelako azpiegitura edukitzea eta merkatuan norbait izatea”.
Lehiatu Berria programak nekazaritza- eta elikagaigintza-, basogintza-, baso- eta arrantza-industriarentzako laguntzak jasotzen ditu. Elikadura-katera bideratutako laguntza-programa da; sektore guztiak batzen ditu, eta helburua da funts galdurako laguntzak ematea, nekazaritza-, elikagaigintza- eta basogintza-produktuen eraldaketan eta merkaturatzean inbertsioak egiteko.
Modalitatearen arabera, pertsona fisikoek edo juridikoek eska ditzakete: nekazariak edo nekazarien elkarteak, nekazaritzako kooperatibak edo nekazaritzako elikagaien enpresak, mikroenpresak, enpresa txiki eta ertainak. 2018ra arte, 627 eskatzaile, baso-enpresa, elikadura-sektoreko enpresa, bodega eta abar izan dira programa honen onuradunak; “240,6 milioi eurotik gorako inbertsioak proposatu ditu”.
Lehiatu Promocion programara 2,1 milioi euro bideratu dituzte 2016tik. Gastronomiaren eta Elikaduraren Plan Estrategikoan jasota dago, eta helburuetako bat du Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren posizionamendua finkatzea mundu mailan eta, horrela, erreferentziazko lurralde bilakatzea elikaduraren eta gastronomiaren arloan, eta aldi berean, kalitateko turismorako lurralde erakargarria izaten laguntzea.
Pinuen gaixotasuna. Gaurko agerraldian, pinuak jasaten ari diren gaixotasunari aurre egiteko Jaurlaritzak dituen asmoei buruz ere mintzatu da. Data zehatzik ez badute ere, tratamenduagaz laster hastea espero dutela adierazi du: “Laster izango da, baina data konkreturik ez dago. Oxido kuprosoa erabiliko da, baina beste hainbat trataera ere kontutan izango dira. Neikerren aukera desberdinak aztertzen ari dira; gaixotasunari aurre egiten lagunduko diguten beste elementu kimiko batzuk aztertzen dabiltza. Tratamendu esperimental horrekin ikusi nahi duguna da zein den hobetoen funtzionatzen duena, eta baso bakoitzak eta pinu bakoitzak nola erantzuten duen. Azterketa hori bukatzen ari dira, eta behin amaituta, segituan hasiko gara tratamenduagaz”.