Mundakan kultura eta artea zabalduz
Mundakako Katillotxu Emakumeen Elkarteko pintura tailerreko kideek urtean zehar margotutako artelanen erakusketa prestatu dute Tribisarrospeko Kultur Aretoan. Guztira hemeretzi obra batu dituzte.
Artea gazte zein nagusiek preziatzen duten zerbait da. Ez hori bakarrik, edozein adin zein zaletasun dituzten pertsonak murgildu daitezke mundu honetan: sortzeko gogoa besterik ez da behar zaletasun hau lantzeko.
Horren aldekoak dira Mundakako Katillotxu Emakume Elkarteko kideak. Orain bi hamarkada inguru hasi ziren mundakarrak elkarteagaz, eta ordutik hona hainbat ekimen egin dituzte. Urtean ikasitakoa prestatzen dituzten ikastaroekin edozein gairi buruz “ikasi eta praktikatzeko aukera” ematen dute elkartekoek: bolilloen teknikatik hasita, irudigintza digitala, gitarra jotzea, yoga, pilates, zumba, gorputz adierazpena eta beste hainbat ekimen egiten dituzte.
Erakusketa. Horien artean pintura tailerra dago, esaterako. Bertan parte hartzen emakumeek ikasturtean sortutako koadroen erakusketa egiten dute. Aurtengoa erakusketa egiten duten hamaikagarren aldia da; abuztuan egiteko ohitura duten arren, oraingoan Mundakako jaien aldera egitea erabaki dute. Hala, mota guztietako hemeretzi koadroz osatutako erakusketa prestatu dute.
Eskualdeko herriak, itsasoa, animaliak, landareak, arte abstraktua… edozein gai biltzen dituzte artelanek, horiek sortu dituzten pertsonen aniztasuna islatuz. Izan ere, tailerrean 18 eta 90 urte bitarteko kideak daude, eta era horretara aurkeztutako lanekin erakusketa bizia eta anitza egitea lortu dute elkartekoek. Hemeretzi koadroen egileak emakumezkoak badira ere, pintura tailerretan gizonezkoek ere parte hartzen dutela nabarmendu gura izan dute.
Erakusketa ekainaren 30era arte, domekara arte hain zuzen, egongo da ikusgai. Elkartekoek Tribisarrospeko Kultur Aretora hurreratzerako gonbita egin diete herritar guztiei.
Katillotxu 240 bazkidek eratzen dute. Mundakako kideak ez ezik, inguruko herrietako lagunek ere parte hartu ahal dute elkarteak antolatutako ekintza kulturaletan. “Beste 20 urtez” lanean aritzeko gogotsu azaldu dira Katillotxukoak, jendea elkartu eta harremanak sortzeko asmoagaz.