Euskal Herriko harrobiaren topalekua izan da zesta puntaren katedrala
Bi asteburutan, Gernika-Lumoko, Berriatuko, Markina-Xemeingo, Mutrikuko, Zumaiako, Hondarribiako, Tolosako, Hossegorreko, Gasteizko, Noaingo, Berriozarreko eta Cabanillaseko zesta eskoletako puntistak elkartu dira Jai Alai frontoian.
Euskal Herriko zesta eskoletako IV. Topaketak egin dituzte Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian, azken bi asteburuetan. Hiru egunez (ekainak 16, 22 eta 23) gazte, alebin, kadete eta txiki mailetako partiduak jokatu dituzte, giro onean.
Hain zuzen, topaketaren balorazio positiboa egin dute Gernika Jai Alai Eskolaren ordezkariek: “Oso pozik gaude. Eskolako gurasoek zein gainontzeko kideek lan asko egin dute. Dena ondo atera da eta etorri diren eskoletako kideek ere eskerrak eman dizkigute”.
Zestan jokatzea, zestaz gozatzea da topaketaren helburu nagusia, eta bide batez, Euskal Herriko zesta eskolen arteko harremana sustatu eta horiek harrobia zaintzen egiten duten lana ere ikustarazten dute. Bi asteburutan, Gernika-Lumoko, Berriatuko, Markina-Xemeingo, Mutrikuko, Zumaiako, Hondarribiako, Tolosako, Hossegorreko, Gasteizko, Noaingo, Berriozarreko eta Cabanillaseko zesta eskoletako puntistak batu dira udalerrian. “Bidar eta Donostiakoak etortzea zegoen aurreikusita, baina ezin izan zuten etorri, eta horien ordez Berriatuko eta Berriozarrekoak egon ziren”.
Ekainaren 16an egin zuten lehen jardunaldia, gazte mailakoekin. Maila altuko partiduak jokatu zituzten, eta etxeko bikoteak 30-25 irabazi zion Markina-Xemeingo bikoteari.
Topaketako partiduez gain, esaterako, zapatuan Gernika Jai Alai eskolako txikienek kinielak jokatu zituzten.
Topaketako partiduei dagokionez, zapatuan zortzi partidu eta domkean hamahiru partidu lehiatu zituzten. Alebin mailako finalean, bikote gernikarra 25-23 nagusitu zitzaion Noaingo bikoteari. Kadeteek, ostera, hiruko txapelketa jokatu zuten. Hau da, Hossegorreko, Berriatuko eta Gernika-Lumoko eskolak elkarren kontra aritu ziren. Hirurek partidu bana irabazi zuten, eta beraz, berdinketa egonik, tantuengatik aukeratu zuten Berriatua txapeldun. Txiki mailan, berriz, herriko eta Berriatuko bikoteak ailegatu ziren finalera, eta gernikarrek garaitu zituzten Lea-Artibaikoak.