40 urte musika zabaltzen
Lau hamarkada bete ditu aurten Jose Antonio Lozanok sortutako Mundakako Abesbatzak. Bere seme Gaizkaren zuzendaritzapean, orain dela 40 urteko pasio beragaz jarraitzen dute abesten.
Musikak eta Mundakak harreman berezia daukate. Kostako udalerria musikaren kulturari lotuta egon da betidanik, eta hainbat izan dira musikaren pasioa herritik zabaldu duten artistak. Hori hala izanik, musikari lotutako denetariko talde eta elkarteak egon dira herrian.
Mundakako abesbatza da musikaren zaletasun horrek emandako fruituetako bat. Jose Antonio Lozanok bere pasio hori transmititu eta zabaltzeko asmoagaz sortutako abesbatza 1979an eratu zen, duela 40 urte, hain zuzen ere, eta gaur egun indar eta gogo handiagaz jarraitzen du Mundaka musikagaz alaitzen.
Lau hamarkada bete berri dituen abesbatza baino lehenago bazen herriko parrokiako abesbatza bat. Bertan abesten aritu zen Lozano, Jose Mari Egileorren zuzendaritzapean. Hura desagertzerakoan, Lozanok herrian abesbatz bat izatea faltan bota eta, Mundakako aberastasun musikala ikusita, garai hartako abadeari baimena eskatu eta mezatan abesten hasi ziren.
1979ko Aste Santuan batu zen abesbatza berria lehen aldiz, eta urte bereko udan, 40 bat lagunekin, Mundakako abesbatza jaio zen Lozano buru zuela. Lehen ekitaldia San Ignazio egunean egin zuten herriaren aurrean.
Abesbatza osatuta, Mundakako elizaren lokaletan entsegatzeko biltzen ziren: Tribisarrospen, adibidez. Era horretara, elizak hasiera batetik harreman estua izan zuen abesbatza berriagaz, eta jaietako ospakizunetan abestera gonbidatzen zuen: San Pedro jaietan, mezatan, Zezilia eta Agate deunetan, Gabonetan… Egun horietan abestea dagoeneko ohitura bilakatu da abesbatzarentzat.
Urteak igaro ahala, errepertorio zabala osatzen joan dira taldeko kideak. Nola ez, abesti erlijiosoetatik hasita, euskal kantu herrikoak abesten dituzte, baina estilo modernoagoetan ere murgiltzen dira. A capella erara, euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta latinez abesten dute mundakarrek.
Denboragaz abesbatza elizatik urruntzen joan da, baina beti harreman estua mantenduz. Hala, Mundakako beste zenbait ospakizunetan parte hartzen joan dira. Euskal Jaia, esaterako, ospakizun berezia da abeslarientzat; instrumentuekin lagunduta kalejiran kantatzen joaten dira herritik zehar.
1981. urtean, berriz, Bizkaiko Aste Koralean parte hartu zuten lehenengoz, eta 1984an, Bizkaiko Abesbatzen Elkarteak antolatutako Udaberriko Kontzertuetan. Zuzendaria “beti ahalik eta ekimen gehienetan parte hartzekoa” zen, eta gaur egunera arte, hutsik egin gabe, Bizkaiko beste hainbat abesbatzekin bat egiten du Mundakakoak urtero bi ekimenetan. Abesbatzak gero eta kide gehiago biltzen zituen, 75 bat izatera iritsi arte.
2002an, Jose Antonio Lozano zendu zen. Abesbatzaren zuzendaritza bere seme Gaizka Lozano Agirrek hartu zuen. Aitarengandik jasotako pasioa tarteko, gazte-gaztetatik musika ikasketak egin zituen. Halako kargua hartzen zuen lehen aldia zen 30 urte zituen mundakarrarentzat. Ilusio, sakrifizio, lan eta familia eta lagunen laguntzagaz, abesbatzak 18 urte bete ditu bigarren zuzendariagaz.
Ateak, zabalik. Adin guztietako 40 kide inguru biltzen ditu taldeak gaur egun: zaharrenak 80 urte ditu; abesbatza jaio zenetik kide diren abeslariak daude. Gazteenak 38 urte ditu. Abesbatzekoek azpimarratzen dutenez, ateak edonorentzako irekita dituzte, eta mundakarra izan ala ez, nahi duenak parte hartzeko aukera dauka.
Urtero egin bezala, San Pedro jaiak heltzerakoan kontzertu berezia antolatzen dute abesbatzekoek. Oraingoan, 40. urteurrenari begira, ekimen bereziak prestatu dituzte, eta are kontzertu bereziagoa egiteko asmoa daukate. Andra Mari Zeruratzea Elizan batuko dira zapatuan gonbidatu bereziekin. Mungiako Jose Maria Arregi Abesbatza eta Segoviako Amadeus Abesbatza izango dituzte lagun mundakarrek, herriko txistulariekin batera lau hamarkadetako ibilbidea aintzat hartu eta ospatzeko.
Egitarau hunkigarria izango da zapatukoa, Ez zagoz urrun bezalako piezekin. Abesbatzeko lehen zuzendaria izan zenak sortutako abestia itsasoan bikotea edo senarra zeukaten emakumezkoei eskainitakoa da, eta Lozanoren emazte Miren Karmelek abestuko du –kantua emazteak bakarlari moduan abesteko konposatu zuen–.
Etorkizunera begira, “musika modu atseginean bizitzeari eta gozatzeari garrantzi handia ematen” jarraituko dutela diote abesbatzeko kideek, musika herritarren artean zabaltzeko helburuari eutsita. Horrela, Lozanok zuen pasioari gogor eusten jarraitzen dute. Taldearen arima zenaren bidea egiten jarraituko dute aurrerantzean ere.