Sorginen mitoaren atzean dagoen egia
San Juan Eguna dator, eta udako solstizioarekin lotutako ohitura zaharrak gogoratzeagaz batera, Sorginorratz Talde Feministak Sorgin Ehizan eraildako emakumeak gogoratu eta gertaera horien atzean dagoen egia ezagutzera emateko egitasmoa prestatu du.
Sorginak gaur egun izaki folkloriko bezala identifikatzen ditu gizarteak. Adin guztiei zuzendutako filmek, telebistako saioek, marrazki bizidunek edota ipuinek sorginak antzeko era batean irudikatzen dituzte orokorrean: emakume zaharrak izaten dira, sudur luzedunak eta itsusiak, basoan bakarrik bizi eta lapikoan edabe magikoak egiten dituena. Are gehiago, sorginei gizartean gertatzen diren gaitzen errua leporatzen ohi zaie, beraien botere magikoen bidez herritarrei ezbeharrak eragitearena.
Hala ere, estereotipo folkloriko horren atzean, izaki mitologikoaren atzean, Europa mailan emandako feminizidio handienetakoa dago. Sorgin ehizak 100.000 emakume baino gehiago sutan erailtzea ekarri zuen, eta larri zigortutako milioi bat baino gehiago utzi zituen.
Bermeoko Sorginorratz Talde Feministak feminizidio hori gogora ekartzeko egitasmoa prestatu du, Sorginen ehiza: Sarraskiaren memoria berreskuratzen izenpean.
Sorgin ehiza Bermeon. Sorginorratzekoek 1500 eta 1800 urteen bitartean Europan izandako Sorgin Ehiza Handiari buruzko informazioa bildu eta horren inguruko erakusketa prestatu dute. Hainbat herrialdetan bizitako jazarpena agerian jarri dute, baina egindako ikerketa lanean Bermeon 1616an izandako gertaerak nabarmentzen dituzte.
Urte horretako ekainean, hain zuzen, udalerriko ume batek akelarreetan parte hartzen zuela aipatu zuen. Bermeoko agintari zibilek horri sinesgarritasuna eman, eta sorgin ehiza gogor bati ekin zioten. Biolentzia handiz jokatu zuten, erruduntzat ematen zituzten emakume asko tratu txarrengatik edota gosez hilik. Jazarpena hain gogorra izan zen, Bermeoko erregidore batek errudun bezala izendatutakoen “ama edo arreba sutan erretzea” nahiko lukeela adieraztera heldu zela. Bizirik geratzea lortu zuten emakumeak, bestalde, Bilboko espetxera eraman zituzten.
Talde feministako kideek, horren hurbil izan ditugun gertaerak ezagutzera eman eta akusatuak izan ziren emakumeenganako hurbilketa egin nahi izan dute, sorgin bezala deitutako emakume horiek herriko emakumeak besterik ez zirela adierazteko.
Ikerketaren bidez, “dokumentatuta dauden hainbat kasu” argitara ekartzea lortu dute, baina “orain 500 urtetako gauzak” direla nabarmentzen dute, eta beste hainbat kasu “galdu” egin direla diote, arrazoi ezberdinengatik. Bermeoko ehizari buruzko informazioa, esaterako, Bilboko artxibategietatik lortu dute, Bermeoko dokumentuak erre egin baiziren.
Bermeokoagaz batera, Sukarrietako, Gautegiz Arteagako, Ibarrangeluko eta Ereñoko emakumeei egindako jarazpena ere nabarmentzen dute: 17 emakume prozesatu zituzten; horien artean, sorgin izatea aitortu nahi izan ez zuen emakume baten kasua. Bere hilotza txakurrek jan zuten, Gernikako kalabozoetan tortura jasan ostean.
Domekara arte. Kabidxen egindako erakusketak domekara arte jarraituko du, 18:00etatik 21:00etara bitartean. Gainera, Amaia Nausia historiagilearen Ez putak, ez sorginak: Euskal emakumeen jazarpen eta erresistentziaren historia hitzaldia ere eskainiko dute leku berean barikuan, 18:00etan.