Uztailaren 7an egingo dute Idiazabal gaztaren ibilbideko 4. etapa
Sollube 707 Mendi Taldeak antolatutako ibilbidea bost etapak osatzen dute. Hirugarrena joan den domekan egin zuten.
Ehunka paisaia eta esperientziaz gozatzeko ibilbidea egiten ari da Bermeoko Sollube 707 Mendizale Taldea. Idiazabal Gaztaren ibilbideak turismoa, kultura eta kirola batzen ditu, Gipuzkoako ondarea ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen baitu. Mendizaleek apirilean hasi zuten bost etapatan banatu duten egitasmoa, eta ordutik hona hiru etapa zeharkatu dituzte.
Hala, uztailaren 7an egingo duten hurrengo etapak Lizarrusti eta Ordizia batuko ditu. Ibilbideak 20 kilometroko luzera duela aurreratu dute antolatzaileek. Horietan “trikuharri eta menhirrak ikusteko aukera paregabea” egongo dela adierazi dute. Sollube 707 kideek gidatzen dituzte etapa guztiak eta parte hartzaileek beraien laguntza izaten dute.
Hain zuzen, joan den domekan egin zuten ibilbidearen hirugarren etapa. Sabin Bilbao Sollube 707 taldeko ordezkariak azaldu duenez, 39 mendizale batu ziren guztira Otzaurte eta Lizarrusti batzen dituen 17 kilometroko bidea egiteko. Otzaurtetik hasita, Etxegaraterantz abiatu ziren.
Bide paregabea. Ibilaldi pagadi artean egin zuten mendizaleek, eta “sasoiko kolore orlegiagaz” gozatu zutela adierazi du Bilbaok. Hala ere, lainoa zela eta, ezin izan zuten mendi tontorrak eskaintzen duten paisaiaz gozatu, baina etapan zehar “leku zoragarriez eta gauza interesgarriez gozatu” zutela adierazi du.
“Altsasu eta Atauneko munarri zahar bat ikusi, Igartza trikuharritik pasa ginen, hiru aurpegiko munarria aurkitu genuen eta Irumugarrietan eta Antatxulo trikuharri handira heldu ginen, besteak beste”. Partaideek ikusitakoagaz “oso pozik” ibili zirela aldarrikatu, eta ibilbidearen “balorazio guztiz positiboa” egin zutela gaineratu du ordezkariak.
Bilbaok gogoratu duenez, oraindik mendizaleekin batera ibilbidean parte hartzeko izena emateko aukera dago. Hori dela eta, mendizale guztiak animatu ditu ekimenean parte hartzera. Informazio gehiago jaso edota izena eman nahi duenak Sollube 707 taldeko telefonoetara deitu beharko du: 676 62 01 95 edo 619 75 31 98.