Sukarrietako eta Portuondoko kanpineko hondakin urak Lamiarango araztegira bidaltzen hasi dira
Datorren astetik aurrera Busturiko hondakin uren isurketa ere geldiaraziko dute, Lamiaranera bidalita.
Sukarrietako eta Portuondo kanpineko ur hondakinak ez dira Mundakako itsasadarrera isurtzen jarraituko. 2.000 lagunen baliokide diren hondakin horiek Lamiarango araztegira bidaltzen hasi dira gaur.
Azaroan abian jarri zuten Sukarrietako ponpatze estazioak ahalbidetu du hori egitea. Datorren astetik aurrera gauza berbera egingo dute Busturiko hondakin urekin; beste 2.000 biztanleren hondakin urak Lamiaranera bidaltzen hasiko dira.
Uraren Euskal Agentziak adierazi duenez, Mundakako itsasadarrera hondakin uriek ez isurtzeak uren kalitatean “eragin zuzena” izango du, baita Toña, San Anton eta Mundakako hondartzetan ere.
Izan ere, agentziaren arabera Sukarrieta eta Lamiarango Hondakin Uren Araztegiaren arteko tarteko lanak dira Urdaibaiko saneamenduaren “fase garrantzitsuenetakoa”. Azpiegitura horrek 12,4 milioi euroko aurrekontua eduki du. Hala, Sukarrietako Marismarako bideko parke azpian kokatuta dagoen instalazioak itsasadarreko ezkerraldeko hondakin uren kantitate handi bat Lamiarango araztegira ponpatzea ahalbidetuko du gaurtik aurrera.
Saneamendu sarea. Hala ere, arduradunek azaldu dutenez HUAren erabilpena ez da gune horretara bakarrik mugatuko. URAk egun Gernika-Lumo eta Busturia artean eraikitzen ari den kolektorea 2020an bukatzea aurreikusten du. Bi udalerrietako ponpatze estazioak lotuko dituen kolektore horrek 25.000 biztanleren eskumaldeko zonaldeko hondakin urak Lamiarainera bideratzea ahalbidetuko duela aurreratu dute. Kolektorea eraikitzeko lanaek 15 milioi euroko inbertsioa dute.
Aurrekontu horren barnean Busturia eta Gernika artean dagoen 6,5 kilometroko luzerako hodia eraikitzen ari dira, edateko ura hornitzeko erabiliko dena. Hodi horrek padura zonalde bat zeharkatzen duen eta egoera txarrean dagoen hodia ordezkatzeko balioko du.
Horrekin batera, Muxika-Gernika kolektore tartea eraikiko dute. 10 milioi euroko inbertsioa izango duen bigarren kolektore horrek 8.000 biztanle baliokideenak diren Muxikako eta Ajangizko hondakin urak Bermeoko araztegira eramango ditu.
Sukarrietako ponpatze estazioa, Busturiako ponpatze estazioa, Gernikako ponpatze estazioa eta Gernika-Busturia eta Muxika- Gernika kolektore tarteak “Gernika-Busturiako aglomerazioaren saneamendu azpiegituraren oinarri” direla adierazi du URAk. Hori kudeatuta egun itsasadarrera isurtzen diren hondakin urak bertan isurtzen jarraitzea ekiditzea lortu gura du agentziak.
Lanok URA-Eusko Jaurlaritza eta Busturialdako Partzuergoak sinatutako lankidetzarako hitzarmenean kokatzen dira. Hitzarmengaz URAk bost urteren buruan 49 milioi euro inbertsioa egiteko konpromisoa hartu zuen.
Busturialdeko Partzuergoak, bestalde, eskualdeko saneamendu eta araztegi azpiegituren” jasangarritasun teknikoa eta ekonomikoa bermatzeko konpromisoa” hartu du. Hori eginda “etorkizunean beste administrazioen laguntza eskean joan beharra” saihestu gura dute.