Euskeraren Jatorriaren 13. Biltzarra egingo dute Bermeon
21 ikerle historikoren lana ezagutzeko egun osoa iraungo duen egitarau zabala prestatu dute zapaturako. Parte hartzeko aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da.
Euskeraren Jatorria Elkarteak euskararen ikerle historikoak omendu eta beraiek egindako lana ezagutzera emateko Euskeraren Jatorriaren 13. Biltzarra egingo du. Aurtengo ekimena Bermeon egingo dute, zapatuan. Jarduera desberdinez betetako egitaraua prestatu dute.
Ekimenak egun osoko iraupena izango du. Udalerriko kultur etxean batuko dira 09:30ean harrera ekitaldiagaz egitarauari hasiera emateko.
Elkarteko antolatzaileek azaldu dutenez, “21 ikerle historikoen lanak ezagutzeko aukera egongo da”. Ikerle horiek Flavio Josefo, Justino, Etxabe, Poza, Larramendi, Hervas, Mogel, Humboldt, Astarloa, Novia Salcedo, Xaho, Arana, Rementeria, Mujika, Sansinenea, Agirre, Goitia, Oteitza, Aginagalde, Segurola, Kapanaga eta Mendizabal dira.
Izan ere, azken hamarkadan euskeraren jatorriaren ikerketan “inoiz baino emaitza gehiago” ematen ari direla uste dute antolatzaileek. Hori gertatzea ahalbidetu duen “faktore asko” daudela diote. Esaterako, interneten bidez errazago komunikatu ahal izatea, toponimia ikertzeko baliabide berriak egotea, edota ikerle gehiago aritzea aipatzen dituzte.
Hitzaldiak. Ildo horretan, “begirada atzera eraman” eta orain arte “euskeraren ikerketan aritu diren lanak ezagutu behar direla” uste dute elkartekoek. “Larramendik, Hervasek, Humboldtek eta guztira 21 ikerlek egindako lanak ezagutzeko ordua da”. Ikertzaile bakoitzaren baliabideak eta garaia kontuan hartuta, euskarari “ekarpen interesgarriak” egin ziotela konturatzen ari direla diote, eta horien ikerketak ezagutzera emateko beharra ikusten dute.
Ikertzaile ezberdinei buruzko hitzaldiak emateaz gain, Lameran ikerle baztertuen inguruko erakusketa egingo dute. Gainera, Eñaut Etxamendik argitaratutako L’origine de la langue basque liburuaren aurkezpena egongo da, idazlearen eskutik.
Interesatuek euskerarenjatorria@gmail.com helbide elektronikora idatzi beharko dute. Ekimenean parte hartzeko 25 euro ordaindu beharko dira. Ikasle eta langabetuek, berriz, 15 euroko kuota ordaindu beharko dute.
Bazkaria ere egingo dutela azaldu dute antolatzaileek, eta bertara joan nahi duenak 40 euro ordaindu beharko ditu. Prezioaren barnean ekimenerako sarrera eta liburuxka bat sartzen dira.
Egitaraua
- 09:30. Harrera, akreditazioa eta liburuen erakusketa.
- 09:45. Agurra eta Biltzarraren aurkezpena.
- 10:00. Ikerleak 1.700 arte: Lehenengo aipamenak (Flavio Josefo, Justino…), Etxabe, Poza.
- 10:45. Ikerleak 1700-1800: Larramendi, Hervas, Mogel, Astarloa, Humboldt.
- 12:00. Atsedenaldia.
- 12:30. Ikerleak 1800-1900: Novia Salcedo, Xaho, Arana.
- 13:00. Ikerleak 1900-1975: Rementeria, Mujika, Sansinenea, Agirre, Goitia.
- 14:00. Bazkaria.
- 16:00. Bisitaldi gidatua: Ikerle baztertuen erakusketa Lamera parkean.
- 16:45. Ikerle historikoei ohore: Omenaldia eta talde argazkia Lamera parkean.
- 17:15. Ikerleak 1975-2000: Oteitza, Aginagalde, Segurola, Kapanaga, Mendizabal.
- 18:30. Eñaut Etxamendi Gezainburu: L’origine de la langue basque liburua.
- 19:15. Paulo Arrieta. Iruña-Veleia: inguruko eta garai bereko grafitoekiko antzekotasunak.
- 19:45. Biltzarraren amaiera.