Janire Arrizabalagak Bizkaiko Eskolarteko Bertso Txapelketako finala jokatu du
Bertso idatzien finala ere jokatu zuten zapatuan; Busturialdeko zenbait ikaslek parte hartu zuten.
Bizkaiko eskolarteko bertso idatzien eta bat-bateko txapelketaren finalak jokatu ziren zapatuan [maiatzak 25] Abadiñon. Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak elkarlanean antolatutako txapelketan Busturialdeko ikasleak izan dira sarituetako batzuk.
38 bertsolarik parte hartu dute bat-bateko txapelketan, eta zortzi heldu ziren finalera. Horien artean, Gernika-Lumoko San Fidel Ikastolako Janire Arrizabalaga gaztea sailkatu zen (lau kanporaketa jokatu ostean). Abadiñoko probalekuak hartu zuen finala, 11:30ean hasita.
Zortziko handian eta txikian aritu ostean, bakarkako lanari ekin zioten zortzi finalistek. Buruz-buruzkora, ordea, ez zuen sailkatzerik izan Arrizabalagak. Maite Sarasola eta Bittor Altube pasatu ziren buruz-burukora, eta Juan Mari Areitiok Sarasolari jantzi zion Bizkaiko eskolarteko txapela.
Aurretik, goizeko 10:00etan, bertso idatzien finala jokatu zuten, eta LH5etik Batxilergora arteko 200 ikasletik gora batu ziren. Anitz Arronategi Seber Altubeko DBH1eko ikasleak lehen saria jaso zuen, eta DBH3, DBH4 zein Batxilergoko ikasleak batu zituen sailean San Fidel Ikastolako Ismael Aomarrek hirugarren saria irabazi zuen.
Eguerdian egin zuten sari banaketa ekitaldia, eta bertan egon zen, besteren artean Onintza Enbeita Bizkaiko txapelduna. Ostean, probalekuan bazkaldu zuten.
Arratsaldean, Bizkaiko taldekako bertsolari txapelketaren finala lehiatu zuten. Tronperrieta, Koipelustre´s eta Miotako Bidelapurrak taldeen artean Tronperrieta nagusitu zen.