Gorroño buru duen EA-EAJ koalizioa izan da nagusi, hautetsi bat galdu arren
11 zinegotzi izan ditu azken agintaldian, eta 10 izango ditu hurrengo lau urteetan EA-EAJ koalizioak. Zinegotzi bat irabazita, EH Bilduk zazpi ordezkari izango ditu udalean.
Lidergoa berretsi du Euzko Abertzaleak-Eusko Alderdi Jeltzalea koalizioak, eta Jose Mari Gorroño izango da berriro datozen lau urteetarako alkate Gernika-Lumon. Boto kopuruan gora egin du EA-EAJk, 2015ean baino 76 boto gehiagorekin. Hala ere, ez du nahikoa izan zinegotzi kopurua mantentzeko. EH Bilduren mesedetan, EA-EAJk 11 zinegotzi izatetik 10 izango ditu hurrengo agintaldian.
Boto kopuruan gora egin du EH Bilduk ere, ia 400 bozka gehiago zenbatuta. Hala, azken lau urteetan baino ordezkari bat gehiago irabazi du Jose Ramon Bilbao Buliren taldeak.
Emaitzak esku artean, Gorroñok lanerako gogotsu jarraitzen duela adierazi zuen atzo gauean. “Hasitako bidean jarraituko dugu, eta daukagun programa bete nahi dugu”, esan zuen. 12 urteko esperientzia izatea lagungarri zaiola esan zuen alkategaiak, baina proiektuak aurrera eramateko Eusko Jaurlaritzarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlana bultzatzea gakoa izango dela. “Bi erakundeekin harremanetan nago, eta industrialdean hobekuntzak egin ditugu”.
Hala ere, zer hobetu badagoelako, industrialdeko lursailak egokitzeko hitzarmena sinatu dutela azpimarratu du Gorroñok. Industria erakartzeko, bitartekoak eskaintzea ezinbestekoa delako, haren ustetan. Era berean, lehentasunen artean markatu ditu Gorroñok liburutegia Pasealekura eramatea eta Lanbide Heziketako zentroa egitea. Biak ere, Hezkuntza sailarekin hitzartu beharreko proiektuak dira, eta horretan aurrerapausoak eman dituztela esan du Gorroñok.
Aldaketarako esku zabalik. Jose Ramon Bilbao Bulik ere lanerako gogoarekin hartuko du dagokion eserlekua. Elkarlanerako eskuak zabalik daudela esan du EH Bilduren zerrendaburuak: “Emaitzek erakutsi digute herritarren aldetik dugun babesa gero eta handiagoa dela, eta gure mezua zabaltzea lortu dugu”.
Jose Mari Gorroño zoriontzeagaz batera, herriak aldaketa bat behar duelako lanean jarraituko dutela esan du Bilbaok. Horretarako, partaidetza zabaltzea zein herriari hitza ematea ezinbestekotzat jo ditu.