EAJk aginduko du berriro Bermeon, EH Bilduren bi agintaldiren ostean
Bederatzi zinegotzi izango dituzte jeltzaleek Bermeoko Udalean, EH Bilduk bost eta Guzanek hiru. 2015. urteagaz alderatuta, parte hartzeak hiru puntu gora egin du.
Aldaketa dator Bermeoko Udalera, 4.223 botorekin, gehiengo osoa lortu du Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ), eta Aritz Abaroak hartuko du hurrengo lau urteetarako herriko aginte makila. Azken hauteskundeetan baino bi zinegotzi gehiago lortu dituzte jeltzaleek, bederatzi, hain zuzen ere. EH Bilduk, berriz, bi zinegotzi galdu ditu, zazpi lortu zituen 2015eko hauteskundeetan, eta bost izango ditu aurrerantzean. Guzan herri plataformak, bestalde, hiru zinegotzi lortu ditu, orain lau urte baino bat gehiago.
Boto kopuruan nabarmen gora egin dute jeltzaleek, aurrekoan baino 1.169 boto gehiago jaso dituzte. Botoetan gora egin du Guzan plataformak ere, hain zuzen, 564 herritar gehiagoren konfidantza izan dute. Alderantziz, EH Bilduk boto asko galdu ditu 2015. urteagaz alderatuta, 724 boto gutxiago izan ditu, hain zuzen ere.
Bermeoko parte hartzeak 2015koarekin alderatuta, apur bat gora egin du. Orain dela lau urteko parte hartzea %64,08koa izan zen; aurten, berriz, %67,60ko parte hartzea egon da.
“Erantzukizuna”. Emaitzak jakin bezain laster, “ezin pozago” baina “urduri” egon da Aritz Abaroa, EAJren alkategaia eta hurrengo lau urteetarako alkatea: “Oraindik urduri nago erantzukizun handia delako. Jendea ilusioarekin eta gogotsu ikusten nuen, baina ez nekien datuetan horrek suposatuko lukeena. Herritarren ilusio hori, baina, emaitzetan islatuta geratu da. Hiru alderdi egonik, gehiengo osoa lortzeak erantzukizun handiagoa ematen dit”.
Bermeo Abante leloak funtzionatu duela dio, eta datozen lau urteetan “herria abante jartzeko funtzionatu behar duela” gaineratu du. Orain, eskualdatzea “normaltasun osoz” joatea gurako luke. Ondoren, langileekin eseriko direla esan du, “martxan dauden proiektuak eta lan dinamikak ezagutzeko eta udalaren egungo egoera ekonomiko zorrotza ezagutzeko, horren arabera gure proiektuak aztertzeko”. Jeltzaleen lehentasuna herria garbitzea izango dela zehaztu du, eta ondoren, garbitasunaren plan integrala egingo dute, “hori baita herritarrek behin eta berriz eskatu diguten gauzetako bat”.
EH Bilduren zerrendaburu Bittor Asteinzak jeltzaleak zoriondu gura izan ditu, “lortutako emaitzengatik”. Hausnarketa sakona egin behar dutela esan du Asteinzak. Oposiziotik, hala ere, aurkeztutako programa aurrera ateratzeko lan egingo dutela gaineratu du: “Kalitatezko gizarte zerbitzuen alde egingo dugu, gardentasunaren alde… gure programa gogor defendatuko dugu”.
Xabi Ortuzar Guzan plataformako zerrendaburuak sentipen gazi-gozoak zituen emaitzak jakin ostean: “Boto gehiago bai eta zinegotzi bat gehiago ere bai, baina ez gara erabakiorrak, eta horren ilusioa geneukan”. Lau urteetan egindako lana baloratu dute herritar askok, eta boto kopuruan nabarmen gora egin dute, “hori da baikorrena”. Ortuzarrek dioenez,”eskertzekoa da azken egunetan izan dugun babesa. Baina, momentuz, ez dakigu baloratzen zer gertartu den”.