Herritarren joan-etorria etengabekoa izan da egun osoan
Bozka paperak eskuetan, udal, foru zein Europako ordezkariak hautatzen dabiltza herritarrak. Udal hauteskundeei dagokienez, orain dela lau urteko dautekin alderatuta, Bizkaian ia 3 puntu igo da parte hartzea. 18:00etako datuen arabera, Bizkaian botoa ematera deituta zeudenen %53,17 joan da bozkatzera.
Udaletarako, batzar nagusietarako eta Europako Parlamenturako ordezkariak erabakitzeko eguna da gaurkoa. Herritarrek 09:00etatik 20:00etara dute botoa emateko aukera, eta norbere hautagaien alde egiten ari dira goizean goizetik. Busturialdean 38.293 herritar daude botoa ematera deituta.
Hautagai gehienek ere goiz eta eguerdi partean bozkatu ohi dute, eta gaur ere horrela izan da. Unai Rementeria EAJren Bizkaiko ahaldun nagusigaia izan da goiztiarrena. 09:30ean eman du botoa Mundakako Kultur Etxean. Ordu erdi beranduago joan dira bozkalekuetara EH Bilduren Bermeoko eta Gernika-Lumoko alkategaiak. Bermeoko Bittor Asteinzak Erretenen eman du botoa, eta Gernika-Lumoko Jose Ramon Bilbaok, berriz, Santa Luzia auzoko Araba Kaleko bozkalekuan.
Eguerdian hurreratu da, ostera, azken hamabi urteotan Gernika-Lumoko alkatea izan den Jose Maria Gorroño. Euzko Abertzaleak eta EAJren koalizioaren alkategaiak Gernika-Lumoko Pasealekuan bozkatu du. Aritz Abaroa EAJren Bermeoko alkategaiak ere ordu berean eman du botoa Nestor Basterretxea aretoan. Abaroa Izaskun Bilbao Europako legebiltzarrerako hautagaiak lagunduta joan da bozkatzera. Halaber, Iratxe Arriolak ere 12:00ak pasatxoan eman du botoa Eako udaletxean. Hain zuzen, bi gutunazaletako zerrendatan hautagai da Arriola. Azken lau urteotan Eako alkatea izan da, eta oraingo honetan ere bera da EH Bilduren alkategaia. Halaber, Bizkaiko Batzar Nagusietarako Busturia-Uribe barrutiko zerrendaburua ere bada Arriola. Jendeak parte hartzearen garrantzia azpimarratu du: “Denok ditugu gure proiektuak mahaigainean; prest gaude gure onena emateko. Jendea hautestontziak botoekin betetzera animatzen dut, hobeto irizten zaien proiektua babesteko”.
Parte hartze datuak. 18:00ak arteko parte hartzearen datuak eman berri dituzte. Espainiako Barne Ministerioak helarazitako informazioaren arabera, 2015eko hauteskundeekin alderatuta, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan parte hartzeak gora egin du. %52,7koa zen parte hartzea arratsaldean, (%50,32koa izan zen 2015ean). Udal hauteskundeei dagokienez, Bizkaian parte hartzea %53,17koa izan da 18:00etan, duela lau urte baino 3 puntu gehiago (%49,91koa izan zen 2015ean). Gainera, hiru lurraldeetatik parte hartzerik handiena du Bizkaiak bozkalekuak ixteko bi ordu falta direla. Gipuzkoan ere gora egin du parte hartzeak, bi puntu. Eta Araban berdintsu mantendu da gaur eta duela lau urteko parte hartze datua.
Foru hauteskundeetan antzeko parte hartzea neurtu dute. Europako datuei dagokionez, parte hartzeak gorakada nabarmena eduki du Araban, Bizkaian, Gipuzkoan zein Nafarroan. Adituen ustez, udal eta foru hauteskundeekin batera izateak eragin du. Bizkaian %36,43ko parte hartzea zenbatu dute; %11,49 igo da.
Busturialdeari dagokionez, esaterako, Bermeoko Nestor Basterretxea aretoko bi mahaietan, 1.276 biztanle daude botoa ematera deituta, eta 12:00etarako, 214k eman dute botoa ( %16,78). Ean %29,21 eko parte hartzea izan dute 12:00etarako (688 herritarretatik 201ek bozkatu dute).
Gernika-Lumoko erdiguneko mahaiei dagokienez, 17:00etarako Kultur Etxeko mahaian 676 gernikarretik 368k eman dute botoa (%54,43). Elai-Alaiko bi mahaietako batean, bestalde, 560 herritarretik 318k eman dute botoa (%56,78). Pasealekuko hiru mahaietatik batean, 539 gernikarretatik 330ek bozkatu dute arratsalderako (%61,22).
Busturialdeko herri txikietan, parte hartzea ez zen oso altua 18:00etarako. Morgan, kasurako, botoa ematera deituta ziren herritarretatik %33k zuen emana botoa 18:00etarako. Muxikako Kultur Etxean zeuden bi mahaietako parte hartzea %57koa zen bozkalekuak izteko bi ordu falta zirenean.