Harrobitik tiraka
Murueta Herri Kirol taldeak eskola kiroleko Bizkaiko Herri Kirolen Liga irabazi du haur mailan. Lehenengoz lehiatu eta txapeldun izatea ezustean hartu dute, eta oso pozik daude.
Sokari tiraka hasi, eta hainbat herri kirol probatzeko aukera izan dute Murueta Herri Kirol Taldeko umeek. Apurka-apurka zaletasuna barneratu, eta lehian gogotsu aritu dira. Hala, eskola kiroleko Bizkaiko Herri Kirolen Liga lehenengoz lehiatu eta irabazi egin dute. Haur kategoriako Bizkaiko txapeldunak dira, eta harro eta oso pozik daude.
Izan ere, ezustean etorri zaie garaipena. “Parte hartu dugun lehen urtea da, eta ez genuen espero irabaztea”, azaldu du Inazio Alberdi Asteinza Murueta Herri Kirol Taldearen entrenatzaileak.
Aurten sortu dute taldea, baina alea aspalditik ereinda eduki dute. Hain zuzen, azken urteotan umeen sokatira jardunaldia egiten dute herriko San Isidro jaietan, eta zelanbait taldea hortik dator: “Zazpi bat urte daramatzagu parte hartzen, eta herriko taldeagaz batera, inguruetako ikastetxeetako umeen taldeek parte hartzen dute”.
Getxoko finala
Bi kanporaketa lehiatu ostean, finalean ezustekoa eman zuten. Maiatzaren 12an Getxoko Andra Mari Kiroldegian lehiatu zuten.
Hamalau talde aritu ziren zein baino zein gehiago, eta horien artean hiru izan ziren Busturialdekoak. Muruetako taldeagaz batera, Arratzuko Barrutialde ikastetxeko eta Gernika-Lumoko Mertzede ikastetxeko taldeek lehiatu dute liga.
Mungiako Larramendi, Barakaldoko Dominicak, Erandioko Goiherri KE, Zorrotza, Bilboko Karmelo, Sopelako Ander Deuna eta Getxoko bost talde izan dira gainontzeko taldeak.
“Giro oso polita dago, eta ez da hain gogorra euren neurrira egokituta dagoelako”
Hain zuzen, aipatu hamalau taldeek bi multzotan banatuta lehiatu dute liga. Sokatira, txokor batzea, ingude altxatzea, txinga eroatea, saku eroatea, giza probak eta gurdi eroatea egin behar izan dituzte. “Oso ondo moldatu dira, batik bat sokatira, ez baitute tiraldi bakar bat ere galdu ligan. Finalean, esate baterako, txokor batzea, sakua, ingude altxatzea, gurdia eta sokatira egin genituen guk”, zehaztu du Alberdik.
Gernika-Lumon hasi
Muruetakoek Gernika-Lumon lehiatu zuten ligaren lehen jardunaldia martxoaren hasieran, eta bigarrena, Basaurin, martxoaren amaieran. Emaitza onekin hasi eta amaitu dute liga. Gernika-Lumon talderik onena izan zen, eta Basaurikoan bigarren geratu ziren.
Lehen jardunaldi hartan multzo bateko zazpi talde aritu ziren, Basaurin eduki zuten beste multzokoek jardunaldia, eta Basaurin eta Getxoko finalean, ostera, izena emandako talde guztiek parte hartu zuten.
Bizkaiko Herri Kirolen Liga haur, benjamin, kimu eta kadete mailan lehiatzen dute, eta aurten, berritasun modura, haur eta kadete mailetakoen saioak plazetara atera dituzte.
Aldundiaren eskola kirol barruko liga da, eta erakundearen partetik zein herriko jendearengandik jaso duten laguntza azpimarratu du entrenatzaileak: “Material arloan esaterako, aldundiko antolatzaileetako batek lagundu ditu, Muruetako Astilleroan egin zizkiguten txingak, giza probetarako gurpilak ere utzi zizkiguten eta gurasoek egin dizkiete sakuak. Denen artean prestatu gara”.
Astean bitan entrenatu dute, astegunetan eta asteburuetan. 11-14 urte bitarteko hamar taldekide dira, bederatzi dira muruetarrak, eta hamargarrena gernikarra bada ere, Muruetan egoten da asteburuetan. “Haur mailan, ofizialki 12-14 urte bitartekoak sartzen dira, baina gurasoen baimenagaz, 11 urtekoak ere sartzen utzi digute taldea osatu ahal izateko”.
“Nagusien sokatira taldea sekulako ispilua da eurentzat; Harrobia dago”
Beste kirol batzuetan dabiltzan gaztetxoak dira taldekieetako batzuk, baina kirolik egiten ez zutenak ere erakartzea lortu dute. “Herri kirolek duten ona da umeek jolas moduan hartzen dutela. Lehen entrenamendua bost minutukoa izan zen; elkarregaz berba egin, eta futbolean jokatu zuten. Gero, apurka-apurka, entrenamenduak luzatzen joan ginen, eta proba bakoitzeko denborak hartzen. Euren artean lehia sanoa sortu zen. Denei gustatu zaie, eta kirolik egiten ez zutenak ere guztiz harrapatu ditu”.
Gogotsu aritu dira, eta datorren denboraldiari begira ere hala daude. “Berriro noiz entrenatuko dugun galdetzen dute orain”, dio barrez entrenatzaileak. Udan ere erakustaldiren bat egiteko prest daude, herriko zein inguruetako jaietan. “Mañutik deitu digute informazio eske, baina, momentuz, ez daukagu ezer zehaztuta. Baina gu prest gaude edonora joateko erakustaldia egitera”. Esate baterako, aurreko domekan, Muruetako San Isidro jaien barruan probarako hitzordua jarrita zeukaten, baina eguraldi eskasaren eraginez, bertan behera utzi behar izan zuten.
Alberdik herri kiroletan aritzera animatu ditu herriko zein inguruko ume eta gaztetxoak: «Oso polita da, eta ez da hain gogorra, eurentzat egokituta dagoelako; euren neurrira eginda dago. Giro oso polita dago; oso ondo pasatzen dute, eta entrenamenduetara gogotsu etortzen dira». Nagusien sokatira taldea sekulako ispilua da eurentzat. Sokatiran oso gogotsu aritzen dira; ez dugu tiraldi bakarra ere galdu. Harrobia dago».