XIX. Euskadiko Fitness Txapelketa lehiatuko dute zapatuan
Hasiberrientzako body line, bikini, body fitness eta fitness clasic modalitateak lehiatuko dituzte. 25 pertsonak izena eman dute, eta horietatik bost dira emakumeak, tartean dago Janire Lopez bermeotarra.
XIX. Euskadiko Fitness Txapelketa lehiatuko dute Lizeo Antzokian zapatuan, 16:30ean hasita. Aurten, lehenengoz, Eusko Jaurlaritzaren eskutik, dopin kontrola egingo diete parte hartzaileei.
“Eusko Jaurlaritzaren barruan fitnessa kirol moduan onartuta ez badago ere, bertako arauak jarraitzearen aldekoak gara, eta aurten lortu dugu dopin kontrolak egitea”, azaldu du Edu Lekunberri antolatzaileak.
25 pertsonak izena eman dute, eta horietatik bost dira emakumezkoen bikini modalitatekoak. Halaber, beste urte batez, hasiberrientzako body line kategoria ere egongo da, eta horrez gain, maila hobea dutenak body fitness kategorian ariko dira, eta gorengo mailakoak, berriz, fitness clasic modalitatean.
“Inoiz baino neska gehiago edukiko ditugu. Batzuetan neska bakarra izan dugu edo bat ere ez. Beraz, guretzat jauzi oso kuantitatiboa da”. Aipatu bost emakumeen artean dago Janire Lopez bermeotarra, eta bera izango da eskualdeko ordezkari bakarra txapelketan.
Halere, interesa dutenek oraindik ere izena emateko aukera dute, Santanape Kiroldegira deituta: 94-627 00 45.