Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitza egunkariko 110 harpidetza egin ditu Bermeoko Udalak
Hitzarmenagaz euskara eta euskal komunikabideak sustatu eta herritarren artean euskaraz irakurtzeko ohitura zabaltzea bilatzen dute.
Bermeoko Udalak Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitzarekin hitzarmena adostu du, “euskara eta euskal komunikabideak sustatzeko eta herritarren artean euskaraz irakurtzeko ohitura zabaltzeko”.
Akordioa sinatzeko batu dira gaur Juan Karlos Agirre Euskara Saileko zinegotzia, Aitziber Gabikaetxebarria Euskara teknikaria, Oihana Cabello Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitzako zuzendariordea eta Idurre Arrazola Hitzako komertziala eta sustapen arduraduna.
Harpidetzen helburua bermeotarren artean “euskaraz irakurtzeko ohitura eta irakurzaletasuna zabaltzea” dela azaldu du Agirrek. Izan ere, 110 harpidetzak herriko udal eraikinetan eta irakurtzeko ohitura egoten den hainbat gunetan banatuko dituzte: Liburutegian, Kultura eta Gizarte etxean, Berhazen, Zaharren egoitzan, Musika eskolan, Oinarrizko Lanbide Heziketan banatzeaz gain, ile apaindegietan, tabernetan, fisioterapia zentroetan edota ostatuetan banatuko dituzte, besteak beste.
Gabikaetxebarriak azaldu duenez, aurten, lehenengo aldiz, ospitale psikiatrikoan ere banatuko dituzte ale batzuk. Izan ere, osasun etxean banatu izan dituzten aleek “harrera ona” eduki dute. Beraz ospitale psikiatrikoan ere berbera egitea erabaki dute, udalarentzat zentro horietara doazen herritarrek “tokiko euskarazko albisteak euskaraz irakurtzeko aukera izatea ezinbestekoa delako”. Horrez gain, aurreko urteetan egin modura Euskotreneko geltokian ere jarriko dituzte aleak.
Udalaren eta Hitzaren arteko hitzarmenagaz, azken bost urteetan egunkaria izan duten 24 leku publiko “Hitzaren garrantziaz jabetu dira eta harpidedun ordaintzaile bihurtu” direla nabarmendu du teknikariak. Hala, establezimendu bakoitza harpidedun ordaintzaile bihurtzea “oso positiboa” dela azpimarratu du.
Herritarrentzako proiektua. “Hitza herritik sortu zen proiektu bat” dela gogoratu du Cabellok, “herritarrei zerbitzu bat emateko” balio duena, eta “elkarte, eragile eta herritarrek bultzatutakoa”. Udalagaz sinatutako hitzarmenak egunkaria ahalik eta esku gehienetara heltzea bermatzen duela adierazi du Cabellok, horrela “Hitzako protagonista direnengana hurreratu ahal izateko”. Alde horretatik, elkarlan hori eskertu du kazetariak, “ezinbestekoa” dela adierazita.
“Bermeo herri euskalduna izanik eta euskararen aldeko apustua kontuan hartuta, bidelagun izan gura dugu, euskarazko prentsa eta komunikazioa bultzatzeko”.
Arrazolak gogoratu duenez, aurten Hitzak ahalik eta jende gehiagorengana iristeko harpidetza digitala jarri du martxan. “Sarean dabilen jendearentzako Hitza errazago irakurtzeko modua” dela dio komertzialak, “batez ere gazteen artean”. Hala, bermeotarrak Hitza irakurle eta erabiltzaile modura erabiltzen jarraitzeko gonbidatu ditu, “norbanakoek zein elkarte desberdinek antolatzen dituzten ekimenen berri emateko”.
Era horretako egitasmoak euskararen normalizazioaren lanean jarraitzeko “beharrezkoak” direla azaldu dute Euskara zinegotziak eta teknikariak. “Ekimen horri esker, herritarrek euskaraz irakurtzearen helburua betetzen dugu, leku publiko ezberdinekin berba egitean, herritarrek herriko eta inguruko informazio eskaintzen duen Hitza irakurtzen dutela ikusten baita”.