Ekainaren 24tik abuztuaren 7ra jokatuko dute Pasealekuko Udal Kirol Torneoa
Parte hartu gura dutenek maiatzaren 27tik ekainaren 7ra bitartean izena eman behar dute Gazte Informazio Bulegoan. Aurten, lehenengoz, esku pilota partiduak ere hartuko ditu Pasealekuko Torneoak.
34. Pasealekuko Udal Kirol Torneoa ekainaren 24tik abuztuaren 7ra lehiatuko dute. Interesatuek Kultur Etxeko lehen solairuan dagoen Gazte Informazio Bulegoan izena eman behar dute, astelehenetik [maiatzak 27] ekainaren 7ra bitartean. Bertan, beharrezko informazioa zein parte hartzeko baldintzak jasoko dituzte.
Aurten, saskibaloia, futbola eta atletismoagaz batera, esku pilota ere egongo da, eta hori da berritasun nagusia. Urte luzez jokatu barik egon ostean, iaz berreskuratu zuten torneoa, eta 250 partaide baino gehiago batu ziren Pasealekuan. Herriarentzat aberasgarria dela-eta, aurten jende gehiago animatzea espero dute antolatzaileek. Halaber, emakumeen parte hartzea areagotzearen garrantzia azpimarratu dute.
Torneoaren garrantzia nabarmendu du Kristina Arana Kultur Etxeko zuzendariak: “Pasealekua beti izan da lagunak, kuadrilak elkartzeko gunea, eta orain, udan, kirolaren bidez harremanak sendotzeko lekua ere bada. Udalarentzat ekimen inportantea da, eta beraz, daukan garrantzia eman gura diogu. Pasealeku berriztu honetan torneoa aurkeztea plazerra da. Lehiaketa futbito torneoa bezala jaio zen, 1978an, baina, 2018an berreskuratu zenetik ekimena anitzagoa da. Batetik, kirol gehiago daude; futbitoa bera, saskibaloia, esku pilota eta atletismoa. Eta bestetik, parte hartzaileen partetik, zer esan. Adin ezberdineko kirolariak, gizonezkoak, emakumezkoak, denetarik”. Hain zuzen, modalitate guztietan belaunaldi desberdinetako herritarrak egotea dute helburu.
Unai Arrizabalaga Arkupe Pilota Taldeko kideak esan duenez, gaur egun esku pilotan jokatzen duten ume eta gaztetxoez gain, garai batean pilotari izandakoak ere Pasealekuko frontoian jokatzen ikustea espero dute: “Umeek frontoira joateko kultura hartzea nahi dugu, kirol honetaz gozatzeko. Lehen pilotan aritu zirenei zein oraindik jarraitzen dutenei parte hartzeko aukera emango diegu. Pilota utzi zutenek, aukera dute berriro frontoira bueltatzeko eta gustatzen zaien hori egiteko. Urte askotan zehar nagusi izan den kirola izan da esku pilota; orain dela urte gutxira arte gehien jokatu dena izan da. Azken urteotan indarra galtzen hasi da, eta hemen, herri erdian dugun frontoi honekin oso aukera polit bat daukagu”.
Atletismoan erronkak egingo dituzte. “Atletismoa gehiago ezagutaraztea lortu nahi dugu. Parte hartzaileak gure atleten kontra lehiatuko dira, eta sariak ere egongo dira”, azaldu du Asier Odriozola Gernika Atletismo Taldearen ordezkariak.
Gernika KESBeko Esti Makazagak esan duenez, infantil, kadete eta junior mailako taldeak osatzea izango da aurtengo erronketako bat. “Horretarako, eskolen laguntza eskatu nahiko genuke. Ea talde guztiak atera ahal ditugun. Horiek, aurten, epaile finko bi izango dituzte. Seniorretan, aldiz, iaz modura taldeek euren artean epaituko dituzte partiduak aurten ere”. Hala, dena ondo ateratzea eta kiroltasuna errespetatuz arazorik ez egotea espero dute, eta baita nesken, mutilen talde misto gehiago egotea ere.
Jagoba Bermeosolo futbitoko torneoaren arduradunak Pasealekuaren topaleku izaera eta hori sustatzearen garrantzia azpimarratu ditu: ” Urte askotan egon gara hau lortzeko. Espazio publiko hau betiko berreskuratzeko jende askoren kolaborazioa lortu dugu. Ea torneoa kontsolidatzen dugun, espazio publiko hau gazteen topaleku berri bat izateko, gure gazte garaian izan zen moduan. Gure asmo eta desio nagusietako bat nesken parte hartzea nagusiagoa izatea da”.
Elkartasuna. Futbitoan eta saskibaloian aritzeko, taldeko, 50 euro ordaindu behar dira eta esku pilotan, berriz, bikoteko 10 euro. Torneoagaz biltzen duten diru kopuruaren zati bat Busturialdeko Elikagaien Bankuari emango diote.
Torneoan animatzeko gonbidapena luzatzeagaz batera, antolatzeko eduki duten laguntza eskertu dute antolatzaileek: “Batik bat eskerrak eman nahi dizkiegun kirol taldeetako ordezkariei eta Gernikako Merkatari Elkarteari”.