Urdaibaiko itsasertza garbitzeko 'Zero Plastiko Urdaibai' ekimenean izena emateko epea zabaldu dute
Busturialdea osoa hartuko duen ekimenak "eskala handian" garbiketa bat egiteko helburua du, aldi berean plastikoak egunero erabiltzen ditugun moduari buruzko gogoeta indibidual eta kolektibo bat eragin nahi du.
Bermeoko Izaro Sub urpekaritza klubak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta, Urdaibai Biosfera Erreserbako Zerbitzuaren bidez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sustatuta, Zero Plastiko Urdaibai ekimena egingo dute Busturialdeko kostaldean garbiketa erraldoia egiteko.
Horiekin batera Athletic Club fundazioa, BBK fundazioa, Uraren Euskal Agentzia, Echebastar konpainiaren Alakrana, Maier, Bermeo Tuna World Capital, Euskotren eta Urremendi landa garapenerako elkartearen laguntza jasoko dute..
Hala ere, ekimenaren antolatzaileek boluntarioen laguntza beharrezkoa izango dela adierazi dute. Parte hartu nahi duenak izena emateko zeroplastikourdaibai.eus webgunea abiarazi dute. Zehazki, 2.500 boluntariok eta 300 urpekarik eta ontzik baino gehiagok esku hartzea bilatzen dute arduradunek.
Ingurumenaren aldeko ekimena ekainaren 8an, Ozeanoen Mundu Egunean, egingo dute. Itsasbazterrean plastikoak eta bestelako hondakinak garbitu eta biltzeko jardunaldia izango da. Izan ere, itsaso eta ozeanoetan dauden hondakinen %70a arrantzarako tresnek, mikroplastikoek eta behin erabiltzeko plastikoek osatzen dute.
Gaztelugatxetik Elantxobera. Azaldu dutenez, hamalau tartetan banatuko dituzte lan egiteko eremuak. Horiek Gaztelugatxeko Donienetik Elantxoberaino banatuta egongo dira. Gune bakoitzean kontrolgune bat jarriko dute, parte hartzen dutenei beharrezko materiala emateko; elastikoa, eskularruak, poltsak eta baheak, esaterako. Gune desberdinetan gerta daitezkeen arazoei aurre egiteko arduradun bat ere egongo da.
Ekimenean lehorreko zaborra batzeagaz batera, itsasokoa ere biltzen ariko dira Izaro Sub klubeko urpekariak eta inguruko kaietan dauden ontzietako kideak. Gainera, plastikoaren eta dakartzan ondorioen sentsibilizazio kanpaina ere egingo dute egun berean.
Horiek Busturiko Madariaga Dorretxean dagoen Ekoetxea Urdaibain egingo dituzte. Izan ere, 13:00etatik aurrera emanaldiak, lantegiak, hitzaldiak, bisita gidatuak eta kontzertuak eskainiko dituzte zentroan. Garbitzeko lanetan parte hartzen duten boluntario guztiei bazkaria ere emango diete. Bukatzeko, arratsaldean Lesley Yendell eskultore ingelesak artelan bat egingo du zuzenean, goizeko garbiketan bildutako hondakinak erabilita.
Erronka Garbia. Ingurumenaren eta jasangarritasunaren aldeko ekimen bat izanik, ezin izango da sartu ibilgailu pribatuan Ekoetxea Urdaibaira. Hala izanik, Sukarrietako udalekuen aurrean aparkaleku bat prestatuko dute, eta loturako autobusak jarriko dituzte Euskotreneko Itsasbegi, Axpe eta San Kristobalgo geralekuetatik Ekoetxea Urdaibaira joan ahal izateko.
Bermeoko eta Gernika-Lumoko elkarguneetara joateko garraio publikoa erabiltzeko eskatu dute antolatzaileek. Gainera, garraio kolektiboa behar duten boluntario guztiek garraio sistema bat izango dute erabilgarri jardunaldi osoan. Ekimenak Erronka Garbia ziurtagiria dauka, Eusko Jaurlaritzaren Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak emana.