Errenta aitorpena euskaraz egitearen alde egingo dute Bermeon
Bermeoko Udalak herriko lau banketxerekin eta bi aholkularitzekin errenta aitorpena euskaraz egitea sustatzeko hitzarmena sinatu du.
Bermeoko Udalak eta herriko lau banketxek eta bi aholkularitzek elkarlanean errenta aitorpena euskaraz egitea sustatzeko konpromisoa agertu dute beste urte batez. Modu horretara, entitate horiek errenta aitorpena euskaraz egiteko erraztasunak emango dizkiete bezeroei. Aldi berean, udalak sentsibilizazio lana egingo du.
Konpromiso hori gaur goizean sinatu duten hitzarmen baten bidez adierazi dute. Udalaren aldetik Juan Karlos Agirre Euskara Saileko zinegotziak eta Aitziber Gabikaetxebarria, Euskara teknikariak sinatu dute. Entitateen aldetik, Iker Otaoleak eta Mirenlur Fraduak, Torrealday aholkularitzaren eta Bermeo Consulting aholkularitzen ordezkariek, eta Jose Ramon Renteria, Leire Ormaza, Iñaki Kanaletxebarria eta Amagoia Gutierrez, Laboral Kutxa, Kutxabank, CaixaBank eta BBVAren Bermeoko sukurtsaletako zuzendariek sinatu dute, hurrenez hurren.
Hitzarmenagaz eragile bakoitzak bere esparrutik herritarrek errenta aitorpena euskaraz egin dezaten ahalegintzea da. Hori “modu natural” batean eta “traba barik” izatea gura dute eta, horrela, “apurka apurka errenta aitorpena euskaraz egiten duten herritar kopuruak gora egitea”.
Agirrek gogoratu duenez, udalak errenta aitorpena euskaraz egitea sustatzeko kanpainak abiarazi ditu 2014. urtetik. 2018ko errenta kanpainan ere “udala, banketxeak eta aholkularitzak elkarlanean” arituko direla adierazi du. Elkarlan horren barnean “hainbat konpromiso” hartu dituzte.
Izan ere, udalak Errenta aitorpena euskaraz sentsibilizazio kanpaina jarri du martxan. Kanpainagaz “herritarrek errenta aitorpena euskaraz egiteko dituzten baliabideen berri emateko komunikazioa” landu dute: etxe guztietatik esku orriak banatuko dituzte, kartelak jarriko dituzte udalerrian zehar, kanpaina sare sozialetatik zabalduko dute, eta azkenik, berba teknikoen inguruko azalpenak ematen dituzten hiztegiak banatuko dituzte herritarren artean.
Gabikaetxebarriak adierazi duenez, administrazioa euskalduntzea lortu ahal izateko herritarren parte hartzea beharrezkoa da; “gutako bakoitzak errenta aitorpena euskaraz egiten dugun bakoitzean administrazioa euskalduntzeko pausuak ematen ari gara eta hori beti da positiboa”.
Hitzarmena sinatu duten entitateen aldetik, “bezeroak euskaraz egitera animatzeko eta aitorpena euskaraz egiten laguntzeko” konpromisoa hartu dute. Hala, ahoz zein idatziz aitorpena euskaraz egiteko gonbidapenak luzatuko dituzte, eta kanpainaren amaieran “euskaraz egindako aitorpenen kopurua eta portzentajea jaso” eta udaletxera bidaliko dute.
Herritar gehienen aitorpenak finantza erakundeen eta aholkularitzaren bitartez egiten direla zehaztu du zinegotziak, Bizkaiko Foru Aldundiak etxera eginda bidaltzen dituenen eta internet bidez egindakoen atzetik. Horregatik, bulego horiek errentaren kanpainarako “bitartekari naturalak” direla adierazi du, “herritarrengandik hurbilen” egonda.
Finantza entitate eta aholkularitzako ordezkariek kanpainan parte hartzearen garrantzia azpimarratu dute, eta horrekin “Bermeoko euskararen aldeko jarrera proaktiboaren alde” egingo dutela aldarrikatu dute.
“Lehen berba euskaraz egiten dugu, elkarrizketa, ahal den guztietan euskaraz izaten da eta, azkenik, dokumentua euskaraz ateratzeko aukera eskaintzen diogu herritarrari eta horrek arlo honetan euskara normaltasunez erabiltzeko joera indartzen du“, adierazi dute. Beste motatako gestioak euskaraz egiten badituzte, errenta aitorpena ere hala egitera animatu dituzte herritarrak.
Agirrek entitate laguntzaile guztiei eskerrak eman dizkie kanpainan parte hartzeagatik, eta udalak zein finantza entitateak eta aholkularitza herritarrak errenta aitorpena euskaraz egitera gonbidatu dituzte, beraien aldetik “erraztasun guztiak” emango dituztela ziurtatuta.