#Bermeotunaminbiziarenaurka kanpaina aurkeztu dute gaur
Gibeleko minbiziaren ikerketan laguntzeko kanpaina abiatu du Bermeo Tuna World Capitalek, eta 25. Arrain Azokaren protagonistetako bat izango da.
Minbiziaren prebentzioan atunaren onurak ikertzeko elkartasun kanpaina da Bermeo Tuna World Capital ekimenak, Bermeoko Arrain Azoka elkartearen laguntzagaz gaur martxan jarri duena.
#Bermeotunaminbiziarenaurka edota #Bermeotunacontraelcáncer traolak erabilita, atuna jaten sare sozialetara (instagram, facebook edo twitterrera) argazki bat igotzeko eskaria egingo dute. Horrela, argazki bakoitzagatik euro bat ikerketara bideratuko dute. Zehatz esateko, Bizkaiko CIC Biogune-Ciberehd zentroak atunaren kontsumoak gibeleko minbiziaren prebentzioan dituen onurak ikertzeko daukan proiektuarentzat izango da kanpaina honegaz bildutako dirua. Bizkaiko CIC Biogune ikerketa zentroko Maria Luz Martínez Chantar doktorearen laborategian garatuko dute aipatu proiektua.
#Bermeotunaminbiziarenaurka kanpaina solidarioa gaurtik maiatzaren 20ra arte izango da eta atuna, ikerketa eta elkartasuna ardatz dituen ekimen hau Bermeoko 25. Arrain Azokaren protagonista garrantzitsua izango da. Minbiziaren Aurkako Elkartea eta CIC Biogune azokan egongo dira, euren lanaren berri emanez eta ikerketa honek duen garrantzia azalduz. Gainera, sare sozialetako kanpainagaz bat egiteko, photocall-ak ere jarriko dituzte. Hala, azokak “elkartasunarekin eta jasangarritasunarekin gozatzeko aukera” eskainiko duela iritzita, azokara hurbiltzeko gonbidapena egin dute goizean Arrantzaleen Museoan egin duten ekitaldian.
Idurre Bideguren alkatea eta Arrain Azokaren presidentearen berbetan, iniziatiba berri honek “osagai onenak” ditu: “Alde batetik, atuna, guretzat oinarrizko elikagaia dena, eta beste alde batetik, zientzia. Zientzia behar-beharrezkoa da gizarte hobeago bat egin ahal izateko. Eta osasuna. Osagai ederrak ditu, eta beraz, honek danak uztartuz jendea parte hartzera animatzen dugu. Ikerketa arloan aurrerapauso bat gehiago ematea da intentzioa. Gure osasunean apustu bat da, eta minbiziaren aurrean denok egin beharreko ahalegin da”.
Proiektua. Bizkaiko CIC Biogune-Ciberehd zentroan esku artean duten ikerketaren helburu nagusia da Omega3 gantz azidoek, gibel minbizi modelo preklinikoetan dituzten efektu onuragarriak ebaluatzea. Atuna janda gibeleko minbizia izateko arriskua txikitzen dela esan eta osasunarentzat atuna jateak dakartzan onurak gogora ekarri dituzte gaurko aurkezpenean: “Omega3 asko du, antioxidatzaile indartsua da eta memoria eta ikusmena hobetzen ditu. Gainera, gehiegizko pisua eta obesitatea erregulatzen ditu, horregatik osasuntsu bizitzen laguntzen du eta arazo kardiobaskularrak izateko arriskua txikitzen du”.
Halaber, Malu Martinez Chantar CIC bioGUNE-Ciberehd Liver Disease laborategiko zuzendariak azaldu duenez, minbizia mota hedatuenetakoa da gibeleko minbizia. Hetereogenekoa dela dio, tratatzeko zaila: “Munduan gehien dagoen seigarren minbizi mota da. Esaterako, Espainian urtero 3.000 kasu berri azaleratzen dira. Munduan gaixotasun honek eragiten dituen heriotzetatik, gibeleko hau da heriotza gehien eragiten duen bigarren minbizi mota. Hamar urtera bizirik irauten dutenen kopurua oso baxua da”. Bere laborategiko taldearen lana terapia berriak aurkitzea dela zehaztu du.
Gabriel Otalora Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkartearen kudeatzailearen esanetan, “elkarlan sozial, instituzional eta enpresariala islatzen” ditu ekimen honek, eta minbiziaren kontra egiteko ikerketa elementu ezinbestekoa dela, giltzarria dela zehaztu du. Hain zuzen, prebentziorako, tratamendurako zein gaixoen bizi kalitatea hobetzeko funtsezko elementua dela gogora ekarri du. Ildo horretan, prebentzioan osasuntsu elikatzeak duen garrantzia azpimarratu du. “CIC Biogune erreferentziazko enpresa da guretzat. Gibeleko minbizia gaur egungo patologia nagusietakoa da, eta aurkeztu zaigun proiektua oso ona da”.