12 urte daramatza herriko alkatetzan, eta aurreko hiru legegintzaldietan modura, Jesus Mari Ziluaga Acebo aurkeztu dute alkategai.
Orain dela lau urteko udal hauteskundeetan herritarrek erakutsitako babesa espero du oraingoan ere Armenduk. Ibarrangeluko herri kanditaturak 12 urte daramatza herriko alkatetzan, eta aurreko hiru legegintzaldietan modura, Jesus Mari Ziluaga Acebo aurkeztu dute alkategai. Hain zuzen, bere esanetan, berriro aurkeztearen arrazoi nagusia orain dela lau urte lortutako “konfidantza maila” eta herritar askoren eskaerari erantzun gura izana dira: “Gogoratu, orain dela lau urteko hauteskundeetan Armendu Herri Kandidaturak, Bizkai osoko boto portzentai haundiena lortu zuela, %75 hain zuzen ere”.
Sentsibilitate ezberdinetako auzotarrez osatuta dagoen herri kandidaturaren ardatz nagusiak politika sozial sendoak indartzea, herritarrei laguntzeko euren ondoan egotea eta kudeaketa partehartzailea eta gardena egitea direla azaldu dute. Hain zuzen, horiek udalen betebeharrak direla argi daukate. “Jendeak bere ondoan sentitzea da garrantzisuena. Arlo guztietan jendea defenditzen dugu. Euren arazoak entzun, eta egin”.
“Udalerrian proiektu asko daude, azpiegiturazkoak, zerbitzuzkoak eta sozialak dira horren adibide, baina, guk beti esaten dugu gure proiektua jendea dela. Udala euren zerbitzura egotea; eurentzako lan egitea eta eurekin batera lan egitea. Gure estiloa ez da agintzea edo prometitzea. Gure estiloa gauza batzuen alde lan egitea da”, adierazi du Ziluagak. Armendurentzat jendearen alboan egotea eta jendearentzat lan egitea dira garrantzitsuenak: “Jendearen zerbitzura gaude. Proiektuak baditugu, baina, jendeagaz batera egiten ditugu. Batzarrak egin, eta parte hartze horregaz informazioa ematen dugu. Denon artean hartzen ditugu erabakiak”.
Herri bizi bat egiteko lanean dabiltzala azpimarratu eta bide horretan etxebizitza politikek duten garrantzia aitatu du: “Horren barruan jendea oso garrantzitsua da. Plan orokorragaz gabiltza eta etxebizitza politikan alokairuaren aldeko apustua egitea garrantzitsua da. Arlo honetan, instituzioak herri txikietan gehiago busti behar direla uste dugu, osterantzean, jendearen joera herri handiagoetara joatea delako. Hemen eta inguruko herri txikietan ez dago etxebizitza aukera hori. Ordenamendu iraunkor bat gura badugu, herri horri lagundu egin behar zaio jendea bertan geratzeko. Horretarako, etxebizitza sozialak behar dira, eta gauza horien alde egin behar dugu”.
Aurrera begirako egitasmoen artean dute, esaterako, nagusientzako zerbitzua hobetzea. Zerbitzuak zabaldu gura dituzte. Ziluagak azaldu duenez, gaur egun daukaten azpiegitura soziala ere eurekin adostu zuten, eta horren ondorioz, hainbat zerbitzu jarri zituzten herrian nagusien eskura. “Parte hartze horretatik irten ziren. Guk ez ditugu gauzak asmatzen; euren berba entzun gura dugu. Zer beharrizan dituzten jakin nahi izaten dugu eta horren arabera gauzak egin”.
Zerrenda:
- Jesus Mari Ziluaga Acebo
- Maite Alegria Beotegi
- Estanislao Ugalde Meaurio
- Begoña Ziluaga Acebo
- Aitor Elordi Barinagarrementeria
- Juan Carlos Pino Villanueva
- Ainhoa Anparan Agirre
-Ordezkoak:
- Cesar Merino Jovellanos
- Mari Carmen Zaballa Fernandez
- Joseba Bidasolo Bilbao
- Juan Felix Torrealdai Intxausti
- Mª Angeles Olano Endeiza