Etxean garaipena, denboraldia borobiltzeko
Emakumezkoen Euskal Ligan, Durangoko taldeari Urbietan irabazita amaitu du denboraldia Gernika Rugby Taldeak, eta multzoko lehena geratu da.
Denboraldi gogorra izan dela adierazi du Maite Bilbaok. Izan ere, lesioek erabat baldintzatu dute taldea. “Jokatzeko gutxi egoteak eragin zuzena izan du. Baina, bigarren fasean nahiko ondo eutsi diogu”. Hain zuzen, egindako lanak saria eduki du, eta euren multzoko lehenak dira basurdeak.
2018-2019 denboraldiko azken partidua Durangoren kontra lehiatu zuten maiatzaren 1ean, Urbietan, eta 40-26 nagusitu ziren. Hain zuzen, 26nako berdinketagaz zeudela apurtu zuten partidua etxekoek. Eider Olarretak entsegua egitean taldea “gora etorri” zela zehaztu du Bilbaok. Amaierarako beste bi entsegu egin zituzten, nagusitasuna agerian utziz.
Min hartutakoak apurka-apurka errekuperatzen joan dira denboraldi amaierarako, eta eguaztenea ia jokalari guztiak egon ziren jokatzeko moduan. “Hamabost jokalari egon ginen; behintzat hiru aldaketa egiteko aukera izan genuen”. Partidura nahiko urduri ailegatu zirela dio Bilbaok, irabaziz gero, euren multzoko lehenengo postuan geratzen zirelako. Gainera, azken orduan beste gorabehera bat izan zuten. Epailea agertu ez zenez, Durangoko entrenatzaileak jarri behar izan zuen haren lekuan. “Euren entrenatzailea izanda, euren alde epaituko zuela pentsatu zuten azkok. Hasieran kexatu egin ginen, baina, gero gure jokoa egitea erabaki genuen”.
Garaipenagaz denboraldia agurtzea beti da pozgarria, eta etxekoen aurrean are gehiago. “Oso pozik amaitu dugu denboraldia. Urte guztian lesioak arrastatu ditugu; jokatzeko beti berdinak egon arren, oso ondo mantendu gara”.
Urbietara jende asko hurreratu zela esan du Bilbaok, eta bertaratutakoei eta batik bat denboraldi osoan animatzen izan dituztenei asko eskertzen dietela azpimarratu du. “Eguraldi onagaz eta gure azken partidua zela jakinda, jende pila bat hurbildu zen, eta horrek asko lagundu zigun. Beste kirol batzuen aldean, errubgiak ez du ikusle asko erakartzen, eta guk jarraitzaile fidelak ditugu. Eskertzekoa da”.
Aurrera begira. Denboraldia amaituta, datozen hilabeteetan zazpiko txapelketak jokatuko dutela zehaztu du, baina, ez jokalari guztiek.”Oraindik ez dakigu gure taldea aterako dugun, edo beste batzuekin batuko garen. Hiru partidu izango dira”.
Hala, hurrengo denboraldira begira, agian, talderen bategaz elkartu beharko dutela gaineratu du. “Ez gaude asko, eta datorren denboraldiari begira ez dakigu zer pasatuko den. Baliteke beste talderen bategaz batzea; taldea aurrera ateratzeko ahaleginak egingo ditugu. Hiru urte daramatzagu, eta behintzat beste urte betez jokatu nahi genuke”. Elorrioko taldeagaz hitzarmena dauka talde gernikarrak, eta haiekin elkartzea aztertzen ari dira: “Eurak zazpi bat omen daude, eta guretik hamarrek jarraitzen baldi badugu, behintzat taldetxoa osatuko genuke”.