Bizkaiko Trainerilen ligako bi estropada hartu ditu Elantxobek
3. eta 4. jardunaldiak lehiatu dituzte asteburuan, eta Busturialdeko hiru arraun taldeek parte hartu dute. Esaterako, bermeotarrak onenen artean sailkatu dira.
Bizkaiko Trainerilen Ligako 3. eta 4. jardunaldiak lehiatu dituzte Elantxoben, asteburuan. Busturialdeko taldeei dagokienez, etxeko taldea gizonezkoen absolutu mailan lehiatu da, Bermeok gizonezkoen absolutu eta gazte mailetan uretaratu ditu trainerilak, eta Mundakak, berriz, gizonezkoen zein emakumezkoen absolutu mailan.
Atzoko estropadan Bermeo izan zen azkarrena, gizonezkoen absolutu kategorian. 15:10.78 markatu zuten bermeotarrek. Ondarrutarrak sailkatu ziren ondoren, lau segundo eta 65 ehunenera. Bermeoko beste bi trainerilak ere hasierako postuetan sailkatu ziren. 22 trainerilak lehiatu zuten estropada, eta Bermeo B bosgarren (15:27.75) eta Bermeo C zazpigarren (15:28.20) sailkatu ziren. Mundakak bi traineru uretaratu zituen; Mundaka A hamaikagarren sailkatu zen, irabazlearengandik 57 segundo eta 86 ehunenera. Mundaka B hemeretzigarrena izan zen, lehenengoarengandik bi minutu, 11 segundo eta 83 ehunenera. Elantxobekoak, ostera, hamazortzigarrenak izan ziren. Bermeo Arengandik bi minutu, segundo bat eta hamabost ehunenera sailkatu zen Elantxobe.
Emakumezkoen estropadari dagokionez, bost traineru egon ziren, eta Deustu A nagusitu zen: 18:25.88. Ondarrutarrak sailkatu ziren bigarren, bi minutu, 26 segundo eta ehunen bakarrera. Mundaka A eta Mundaka B laugarren eta bosgarren sailkatu ziren, hurrenez hurren.
Gizonezkoen gazte mailan, Isuntzak egin zuen denborarik onena: 16:16.96. Arkote 41 segundo eta 90 ehunenera sailkatu zen, eta Bermeo 59 segundo eta 84 ehunenera. Nesketan, berriz, ondarrutarrek bakarrik parte hartu zuten: 19:43.04.
Zapatu arratsaldean, gizonezkoen absolutu mailan Bermeo C gailendu zen hamazazpi talderen artean: 14:36.96. Ondarru geratu zen bigarren, bost segundo eta 42 ehunenera. Bermeo A zazpigarren sailkatu zen, 33 segundo eta 68 ehunenera, eta Bermeo B hamargarren, minutu bat, lau segundo eta 97 ehunenera. Mundaka A hamabigarren geratu zen ( 15:57.78) eta Mundaka B hamaseigarren (16:25.78). Etxeko taldea hamalaugarrena izan zen (16:03.72). Sei taldek lehiatu zuten emakumezkoen estropada eta Ondarru B izan zen azkarrena: 18:16.57. Deustuko bi trainerilak sailkatu ziren bigarren eta hirugarren.
Bestalde, Isuntza izan zen onena gizonezkoen gazte kategorian: 15:18.89. Deustu A 58 segundo eta 72 ehunenera geratu zen, eta Arkote minutu bat, hiru segundo eta 55 ehunenera. Bermeokoak seigarren sailkatu ziren, irabazlearengandik bi minutu, 34 segundo eta hiru ehunenera.
Hurrengoak, Lekeition. Asteburu honetan Lekeition elkartuko dira Bizkaiko arraun taldeak, 5. eta 6. estropadak lehiatzeko. Maiatzaren 18an eta 19an ere Lea-Artibain izango dute hitzordua. Hain zuzen, zapatuan Bizkaiko txapelketaren sailkapen estropa izango dute jokoan, Ondarroan, eta domekan lehiatuko dute txapelketa.