Artisau azoka baino askoz gehiago
Giro bikaina izan dute Ibarrangeluko VI. Artisau Azokan. Besteak beste, artisauen lana bertatik bertara ikustaraztegaz batera, argazki zaharren eta moto klasikoen erakusketak ere jarri dituzte.
Artisau lana erakutsi eta bertoko ekoizleen produktuak ezagutara eman dituzte beste behin, Ibarrangelun. Bi urterik behin egiten dute artisau azoka, eta oraingo honetan ere eguraldi bezain giro ederra izan dute.
Artisautza eta bertoko ekoizleen produktuez bete zuten Eleizaldeko aparkalekua, zapatuan. Ehoziri lanetan zein zeramika eta artilea lantzen aritu ziren artisauak, eta umeentzat, esaterako, zeramika tailerra ere izan zuten. Hala, artisau produktuak erosteko aukeraz gain, eztia, atuna, txakolina, gazta, patea, ogia, sendagai natural, bitxiak, eskuz egindako arropak, loreak, baratzeko produktuak eta abarrak jarri zituzten postuetan.
Baina, ohiko azokak baino askoz gehiago da Ibarrangelukoa. Izan ere, zenbait erakusketa jartzen dituzte azoka gunean, eta aurten, argazki zaharrak eta askotariko motorrak jarri dituzte. Batetik, 1920. urtearen aurretik jaiotako andren argazkiak bildu zituen Amumak erakusketak. Bestetik, moto klasikoak eta gaur egungoek bat egin zuten. Esaterako, Alex Olaeta pilotu gaztea egon zen bertan. Halaber, animaliek ere beraien lekua izaten dute azokan, eta beste behin, uso mezularien erakustaldia eta umeentzat zaldian ibilalditxoak egin zituzten.
Bestalde, otzara bat zozkatzen dute eta oraingoan Olatz Aberasturik eroan du otzara (00366). Aurten, gainera, ekitaldi berezia egin dute: karretila lasterketa. 10 bikotek parte hartu zuten, eta lehen aldia izateko oso ondo irten zela azpimarratu dute.