Sarek 'gurpil hurbila' izatera deitu ditu herritarrak
Sarek etenik gabe mugitzen ari diren gurpilak ipini gura ditu presoak etxeratzeko bidean. Horregatik, herritarrak deitu dituzte ekainaren 14an, barikuan egingo duten manifestazioan parte hartzera; 19:30ean abiatuko da, Merkurio iturritik.
“Bidea egiten jarraitu behar dugu, giza eskubideak errespetatuak izan daitezen lortzeko, gatazkaren konponbidean urratsak ematen jarraitzeko, bestelako eszenatoki iraunkor eta sendoa eraikitzeko”. Argi hitz egin zuten Maider Amutio eta Iñaki Zenigaonaidiak atzo arratsaldean, Maier kooperatibaren atarian, gernika-Lumoko Sareren izenan. Herritarrak ‘gurpil hurbilak’ izan behar dutela aipatu zuten, etenik gabe mugitzen ari eta ariko direnak, “gurpilak joateko bai, baina ekartzeko ere badirelako”.
Gaur egun, ETAk bere jarduna utzi zuenetik hainbat urte igaro direnean, oraindik orain 251 preso daude euren senideengandik ehunka edo milaka kilometrotara urrunduta. “Oraindik bada sufrimendua sortzen duen auzi bat” –esan zuten–, “askatu beharreko korapilo bat”. Horregatik, etorkizunari begira jarri eta iraganetik datozen oinaze eta min guztiak sendatzea ezinbestekoa dela esan zuten. “Biktima izan diren eta diren guztiek merezi dute egia, memoria eta erreparazioa. Norabide horretan sakondu behar dugu”.
Herritarrei ere norabide horretan jartzeko eskatu die Gernika-Lumoko Sarek, eta auzia konpontzeko eta presoen eskubideak errespetatzeko bidean gurpil hurbila izan daitezen eskatu die. “Herritar gisa, guztioi dagokigu ardura hau gurea egitea, guztiok merezi baitugu elkarbizitzan eta bakean oinarritutako jendarte batean bizitzea”.
Arronategiren egoera. Presoei dagozkien eskubideen artean, gaixo sendaezinak eta gaixotasun larriak dituztenen eskubideen errespetua ere eskatu zuten agerraldian. Kasurako, Kepa Arronategi preso gernikarraren egoera ekarri zuten gogora. “Hirugarren graduan beharko lukete, arazo humanitarioak eta pertsonaren duintasuna tarteko. Eta, noski, justiziagatik ere, horrela jasotzen baitu espetxe araudiko 100.4 artikuluak”, aipatu dute.
Horregatik guztiagatik, herritarrak deitu dituzte ekainaren 14an, barikua, Gurpil hurbilek etxerako bidea egin dezagun lemapean egingo duten manifestazioan parte hartzera. 19:30ean abiatuko da, Merkurio iturritik.