Gorenera itzultzeko desira
2008-2009 denboraldian Ohorezko B Mailako txapeldun izanda, igo zen gorengo mailara Gernika RT. Mailaz jaitsita hausnarketarako tartea hartu ostean, elitera bueltatzea dute erronka nagusia.
Kemena eta indarra. Basurde sena. Gernika RTk geroarte esan dio Ohorezko Mailari; hurrengo denboraldian Ohorezko B Mailan ariko da, baina, ahalik eta arinen gorengo mailara bueltatzeko ilusioz eta gogoz dago kluba osatzen duen familia handia.
1973ko maiatzean sortu zuten Gernika Rugby Taldea, Bilbokoaren atzetik Bizkaiko bigarren talde zaharrena da. Iñaki Uribe Gernika Rugby Taldearen presidentearen berbetan, jendeak mailari eutsiko ziotenaren ilusio eduki du azken unera arte. “Ohorezko Mailan 11 urte egon ostean, atzerapausoa da. Baina, batzuetan pauso bat atzera egin behar da, gero bi pauso aurrera emateko.. Eta hori da egin behar duguna, ahal dugun guztia egin, mailaz igotzeko. Datorren urtean igoera lortzeko gure esku dagoen guztia egingo dugu. Ezin gara lokartu”.
Aldagai asko
Jaitsiera hainbat faktoreren ondorioa izan dela deritzo, eta liga gero eta lehiakorragoa dela. Taldeak gero eta indartsuagoak dira, aurrekontu handiekin. “Gernika Ohorezko Mailako herririk txikiena da, aurrekontu txikienekoa, eta horrek talde txikiagoa osatzera garamatza, jokalari gutxiago izatera, alegia”. Hain zuzen, aurrekontua mantentzea ere bada erronka, eta babesleen laguntza izaten jarraituko dutenaren esperantza dute. Bestalde, aurreko denboraldian ez zuten min hartutakorik izan, eta oraingoan, ostera, asko izan dira jokatu ezinik egon diren jokalariak. Horrek eragin nabarmena eduki du; batzuk hilabeteak egon dira min hartuta. Partiduetan aldaketak egiteko jokalaririk ez izatea aurkarien onerako izan da: “Zortzi aldaketa egin daitezke partiduko eta ez geneukan horretarako aukerarik. Aurkariak talde erdia aldatzen badu, eta zuk ezin baduzu…Halako egoerak sortzen dira kirolean eta oraingoan guri tokatu zaigu”.
Denboraldi osoan jokalari guztiak jokatzeko moduan edukiz gero, egoera bestelakoa izango litzatekeela uste du Uribek. “Azken partiduetan jokalari gehiago egon dira jokatzeko moduan, eta hor ikusi da ezustekoa emateko zorian egon garela». Azken unean gogor borrokatu arren, itsasertzean ito direla aitatu du: «Arraun asko egin arren, ito egin gara”.
Nicolas Martinez izan da denboraldi honetako entrenatzailea, eta denboraldi zaila izan dela nabarmendu du. Joan-etorri asko izan dituzte taldean, eta esan duenez, jokalari batzuengan gehiago espero zuen arren, ez da horrela izan: “Batzuek maila altuagoa emango zutela uste genuen, eta azkenean ez da hala izan. Gainera, min hartutako asko izan ditugu, eta alde horretatik aurreko denboraldietan zortea izan genuen… Faktore askok eragin dute urtea aldapa gora izatea”. Taldea berandu sendotu, bat egin dela dio. “Orain distantziagaz begiratuta, ohartzen zara gauza guzti horiek eragin zuzena eduki dutela. Aldaketa asko daudenean egonkortasuna lortzea zaila da; ez dugu egonkortasunik izan azken hiru hilabeteetara arte”.
Ikasitakoagaz aurrera
Bakoitzak bere akatsak eta ondo egindakoak aztertu behar dituela aitatu du: “Garrantzia handiko partiduetan, giltzarriak izan direnetan egindako akatsez penatzen zara. Nahikotxotan gertatu zaigu ustez irabazita eduki ditugun partiduak galtzea edo azken unean berdinketagaz amaitzea. Denboraldi amaieran, aurpegia eman zuten jokalariek. Zortzi egunetan hiru partidu jokatuta, eta dena eman zuten”.
Gernikan etapa bat itxi du Martinezek. Ez du klubean jarraituko. 2010-2011 denboraldian heldu zen jokatzera, gero beste talde batera joan, eta orain dela bost urte bueltatu zen argentinarra. Urte hauetan, besteak beste, beheko taldeetan eta errugbi eskolan entrenatzailea, eta udako kanpusetako arduraduna izan da. Orain dela bi denboraldi lehen taldeko bigarren entrenatzailea izan zen (Eduardo Maidagan zen entrenatzailea). “Klubaren erabakia izan da nik ez jarraitzea; zuzendaritzak datorren urterako kontratua ez berritzea erabaki du eta , eta errespetatu egiten dut. Ate bat zarratu da, baina, beste leiho edo ate bat zabalduko da. Aurrera ilusioz begiratu beharra dago”. Bizitakoarengandik ikaspenak jasotzearen garrantzia azpimarratu du, “beti ikasten eta hazten joan behar dugu”.
Datorren denboraldira begira, jokalariekin berba egiten ari dira; badakite aldaketak egon egongo direla, urtero daudelako, baina, ahalik eta gehien geratzea da helburua: “Gure apustua taldea mantentzea da, orain arteko jokalariek jarraitzea. Gernikak Ohorezko A Mailako taldea izatea merezi du”, adierazi du presindeteak. Herriari baina batik bat afizioari zor diote. Izan ere, familiaren babesa partidu guztietan sentitu dute. Adibidez, Cisneroren kontra atzeratutako partidua, eguazten batean 16:45ean jokatu arren, jende asko hurreratu zen Urbietara. “Lehiatillarik ere ez genuen jarri, uste genuelako ez zela inor etorriko, eta zelaia bete zen. Jendearen erantzunagaz harrituta eta liluratuta geratu ginen». Azken partidua Madrilen lehiatu zuten, eta bertara ere autobus bete zale joan zen: «80 pertsonatik gora joan ginen. Herriko eta inguruko zaleek egiten duten esfortsuaren aurrean, zuzendaritzak eta taldeak esfortsua egin behar dugu gorenera bueltatzeko, merezi dugun lekua delako”.
Bi ligen artean mailan desberdintasun handia dagoela eta euren helburua lortzeko Ohorezko A Mailaren erritmoagaz jarraitu beharko dutela dio Uribek, “exigentzia eta esfortsu” berdina eginez: “B mailako erritmora egokitzean lasaituz gero, oso zaila da igotzea” . Taldeak gero eta “profesionalizatuagoak” direla ere aipatu du, klubek profesional asko dituztela. Hiri handietako taldeen kontra ari direla gogora ekarri du: “Ekonomikoki indartsuagoak direnez, aukera gehiago dituzte. Ordiziak eta Hernanik ere meritu handia dute. Gernika-Lumon 17.000 bat biztanle gara, eta kirol talde asko daude. harrobia izatea ez da hain erraza, umeak badaude baina, badakigu herrian jende gehiago erakartzen duten kirolak badaudela”. Ahal dutena egiten dutela dio, baina, badakite mugak dituztela, eta etxeko jokalarien meritua nabarmendu du, “esfortsu handia egiten dute”.
Bestalde, zelaiaren egoera txarrak zuzenean eragiten die. “Zelai naturalean jokatzea plazerra bada ere, entrenatzeko eta jokatzeko zelai bakarra dute talde guztiek eta hemengo klimagaz asko kaltetzen da. Espainiako Federazioak Urbietan ez jokatzeko mehatxua egin digu. Jardunaldi batzuetan bigarren zelai bat aurreikusita edukitzeko esan digute. Partidu batean epailea etorri eta zelai honetan ezin genuela partidua lehiatu esan zigun. Aurten ez, baina, beste urte batzuetan, institutuan eta san fidelen entrenatu behar izan dugu, zelaia gehiago ez kaltetzeko eta hori oso tristea da”.
Udalak zelai artifiziala egingo duenaren zurrumurrua heldu bazaie ere, ez dakite ezer: “Ez digute ezer baieztatu; batzartzeko eskaria bideratu dugu. Zelai artifiziala egitearen aldekoak gara. Ohorezko Mailako talde gehienek daukate. Bermeekin aurrera egin behar dugu, eta zelai artifiziala egitea garrantzitsua izango da guretzat”.
Busturialdeko zein inguruetako eskualdeetako herritarrak errugbia probatzera animatu ditu Uribek, “pozik eta beso zabalik hartuko ditugu”. Beste kirolengandik bereizten dituen errugbiaren balioak eta sortzen den giroa goraipatu ditu: ”Konpromesua, adiskidetasuna… balio asko biltzen ditu, eta talde lana da oinarria. Batek bakarrik ezin du ezer egin; denak elkar eragin eta lagundu behar dute errugbian. Beste kirol asko baino kolektiboagoa eta inklusiboagoa da. Denentzako lekua dago; taldekide denek jokatzen dute. Ez da inor baztertzen”.