Arrain Azokaren ibilbidea balioan jarriko dute bere 25. urteurrenean
"Aitzindaria" izan den azokak berritasunekin batera tradizioen aldarria egingo du aurten.
Urte berezia da aurten Bermeoko Arrain Azokarentzat. Bermeoko itsas ondare kulturala bultzatu eta Bermeo zein beste herrietako bizilagunei agerian jartzeko balio duen azokak 25 urte betetzen ditu aurten, eta azken mende laurdenean egindako ibilbidea gogoratu eta balioan jartzeko ekimenak prestatu dituzte maiatzaren 17an, 18an eta 19an egingo duten azokarako.
Arrain Azokaren antolaketan parte hartzen ari diren hainbat eragile batu dira gaur goizean Arrantzaleen Museoan azoka aurkezteko. Idurre Bideguren Bermeoko alkate eta Arrain Azoka elkarteko presidenteak bertan adierazi duenez, azken 25 urteetan “herria eta azoka asko aldatu dira”.
1994an jaio zenean Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban egindako mota horretako “lehen azoka” izan zela azpimarratu du, “aitzindaria” izanik. “Erreferenteak izan gara urte horietan guztietan eta horrela jarraitzeko apustua egiten dugu urtero”.
Iragana eta etorkizuna. Eboluzio bat jasan badu ere, Arrain Azokaren helburua beti berbera izan dela aldarrikatu du alkateak: “Bermeoko itsas ondarea eta tradizioak zaintzea eta erakustea”.
Azoka bisitatzen dutenen artean erronka hori gainditzea lortzeko elkarlanak “emaitza hobeenak” ematen dizkiete. Horregatik eragile, enpresa eta norbanako desberdinek azoka eratzeko eta bultzatzeko orduan eskaintzen duten laguntza ezinbestekotzat eman du alkateak.
Azokak tradizioak eta berrikuntzak batzen ditu; horren erakusgai izango dira prestatu duten programa zabalaren barnean aurkitzen diren ekimenak.
Azoka osatuko duten 21 erakustokiekin batera, iaz aurkeztutako Bermeo Tuna World Capital proiektuak bere gune propioa izango du berriz azokan. PIE-EHUk, Eroskik, Urdaibai Bird Centerrek, AZTIk, Aranzadik, Foro Maritimo-k, Zunibalek, Donostiako Aquarium-ak, Hazik, Urdaibaiko Patronatuak eta azokako enpresek parte hartuko dute bertan eta gazte zein helduentzako era guztietako jarduerak eskainiko dituzte.
Esate baterako, 1. Arrain Azokan egindakoak berreskuratzeko aprobetxatuko dute. Albacora atunontzietako sukaldariek itsasontzi batean egunero nola sukaldatzen duten erakutsiko dute eta prestatutako jatekoa Kofradi Zaharreko elkartasun gunean jateko aukera edukiko dute bertaratzen direnek, dagoeneko ohikoak diren atun errea eta marmitakoagaz batera. Bertan bildutako dirua osasun arazoak dituzten umeen familiei laguntzera bideratuko dute.
Teknologia berriek ere beraien lekua edukiko dute azokan. Nautika eskolak ateak zabalduko ditu, eta errealitate birtual bidezko nabigazio simulagailuan aritzeko aukera eskainiko dute, beste jarduera batzuen artean.
Era guztietako jarduerak. Hitzaldiak eta erakusketak ere ez dira faltako, eta asteburuan ez ezik,hilaren 15ean eta 16an Arrantzaleen Museoan itsasoagaz lotutako solasaldiak entzuteko aukera edukiko dute bertaratzen direnek.
“Arrain Azokak herriko jai garrantzitsuenetariko bat bilakatu da bermeotarrontzat eta baita ere bisitatzen gaituzten guztientzat, eskaintzen duen giroak eta berrikuntzek jende asko erakartzen baitute; izan ere, gure produktuak, enpresak eta herria ezagutzeko eta, aldi berean, jai giroaz disfrutatzeko aukera paregabea eskainiko du Bermeok”, aldarrikatu du Bidegurenek.