Alderdi abertzaleek gora egin dute Busturialdean
Elkarrekin Ahal Duguren kaltetan, boto kopuruan gora egin dute EAJk eta EH Bilduk.
Busturialdeko herritarren gehiengoak alderdi abertzaleen ordezkaritzaren aldeko botoa eman zuen atzo. Eusko Alderdi Jeltzalea izan da eskualdean alderdirik bozkatuena, 2016an baino ia 3.000 boto gehiagorekin. 10.569 boto zenbatu zituen 2016an, eta 13.414 bozka izaz zituen atzo. Bigarren indarra EH Bildu izan da, ia 1.500 boto irabazita. 6.126 bozka izatetik, 7.608 eskuratu ditu hauteskunde hauetan. Elkarrekin Ahal Dugu izan da hirugarren indarra Busturialdean, baina boto kopurua galdu du koalizio moreak. 5.374 boto zenbatu zituen 2016ko hauteskundeetan, eta 3.076 izan ditu 2019an.
Alderdi ez abertzaleen emaitzak ez dira oso onak izan Busturialdean. PSEk gora egin du, 800 boto inguru; baina, guztira, 1.944 bozka izan ditu eskualdeko 20 herrietakoak zenbatuta. PP eta Ciudadanos-en kasuan, biek ere boto gutxi izan dituzte, baina, Espainian bezala, PPren gainbehera nabariagoa izan da Busturialdean ere: 485 boto izan ditu aurten, eta 346 galdu ditu.
300 boto inguru lortu dituzte beste alderdiek. Vox alderdiari dagokionez, ez du ia eraginik izan hautestontzietan. Gernika-Lumon eta Bermeon izan ditu boto gehien Abaskal buru duen alderdiak: 81 eta 48, hurrenez hurren. Pacma alderdiak, bestalde, 60 boto izan ditu Bermeon, eta 44 Gernika-Lumon.
Euskal Herrian ere nagusi. Hego Euskal Herriko datuei erreparatuta, EAJk irabazi ditu Espainiako Gorteetarako bozak. Jeltzaleengandik boto gutxiko aldearekin, PSE izan da bigarren indarra, eta EH Bilduk bi eserleku izatetik lau izango ditu Espainiako Kongresuan. Elkarrekin Podemos alderdiak botoak galdu ditu oraingoan, eta 2016. urtean lehen indarra izatetik hirugarren indarra izatearekin konformatu beharko du oraingoan. Atzoko bozetan galtzaile, baina, Espainiako eskuineko alderdiak izan ziren. Atzerriko botoak zenbatzeko faltan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ordezkaririk ez dute lortu ez PPk, ez Vox-ek ezta Ciudadanosek.
394.000 botorekin, EAEn lehen indarra izan da Eusko Alderdi Jeltzalea. Hortaz, Espainiako Kongresuan azken lau urteetan izandakoa baino ordezkaritza zabalagoa izango du. Bost diputatu zituen, eta sei izango ditu legealdi berrian. Beste sei diputatu eskuratu ditu PSEk, eta EH Bilduk lau izango ditu. Elkarrekin Podemosek hiru ordezkari galdu ditu, eta zortzitik bost izatera pasatuko dira.
Senatuan ere, alderdi abertzaleetatik ordezkari gehien EAJk izango ditu. Azterriko botoak zenbatzeko faltan, 9 senatari eskuratu ditu, eta autonomikoarekin 10 izango ditu. EH Bilduk ordezkari bat izango du Senatuan –orain arte ordezkaritzarik ez du izan–.
Idurre Bideguren EH Bilduren Kongresurako hautagaiak lortutakoaren “irakurketa baikorra” egin du. “Parte hartze eta botu emaileen kopuruak gora egin du”. Hala, “herriaren etorkizuna jokoan dagoela sentitu” eta “abertzaleak gehiengoa direla” erakutsi dutela adierazi du.
“Orain, errelitate nazionalak errespetatzea espero dut eta alderdi ezberdinekin burujabetzarako olatua hartzeko unea iritsi dela esango nuke”, azpimarratu du Bidegurenek.
Maria Dolores Etxano ondarrutarrak senatari izaten jarraituko du beste legegintzaldi batez, eta Euskadik Madrilen ahotsa izaten jarraituko duelako oso pozik dago: “Muturreko eskumak ez du emaitza onik izan gurean. Hemengo botoa abertzalea izan da, eta hori poztekoa da. Pozik nago Euskadigaz. PSOE eta Ciudadanos batzeko arriskua dago, eta hurrerago geundeke batura hori egongo ez balitz”.
Parte-hartze handia. Apirilaren 28ko hauteskunde orokorretan parte-hartzea aurrekoetan baino handiagoa izan da Busturialdean. Abstentzioak, beraz, behera egin du. Hogei herrietako datuak kontuan hartuta, abstentzioa %19,22koa izan da oraingoan. Daturik txikiena Arratzuk eman du:%12. Eta abstentziorik handiena Bermeon eman da: %27,41. Gernika-Lumon, kasurako, %22,47koa izan da.