"Arriskua dugu halako astakeriak uneoro bizitzeko"
Irailean hasita, presoen eskubiden alde lan egin duten 47 lagun epaituko dituzte; erakunde armatuko kiko kide izatea leporatzen diete, ETA desegin osteko jarduna oinarri hartuta.
[AURRERAPENA] Presoen eskubideen aldeko lana egin duten 47 euskal herritar epaituko dituzte «ETAren espetxe frontea» osatzea egotzita. Ibarrangelurekin lotura duen Haizea Ziluaga abokatua (Bilbo , 1979), Kepa Mantzizidor abokatua (Mundaka, 1966) eta Gernika-Lumon bizi eta Herriran lan egin duen den Ibon Meñika (Zamudio, 1977) dira epaituko dituzten hiru. Espainiako Auzitegi Nazionalaren autoak gizartea ohartarzi duen arren, auzipetuek diote epaiketa noiz hasiko zain zeudela: «Ia bi urte daramatzaguz zain. Istrukzioa bukatuta eta defentsa idazkiak aurkeztuta, horren zain geunden».
47 auzipetu, eta guztira 601 urteko zigor eskaera da Fiskaltzak egin duena. Publiko egin den momentuan inpaktu bat sortu den arren, auzipetuen bizimoduan azken urteetan konstante bat izan dela gogorarazi dute: «Auzipetuek eta gure inguru hurbilenak hau bizi dugu aspalditik. 2019ko irailean epaituko gaituzte, baina 2013ko irailean hasi zen auzia. Geroztik, handitzen joan da makrosumarioa, jende gehiago atxilotuz eta lan gehiago erreprimituz. Beraz, guretzako urte hauetako konstante bat izan da, modu ezberdinetan bizi izan duguna, eta momentu hoenetan kristalizatu egin da, azalerazi, publiko egin eta data baten arabera kokatu. Hori izan da gure errealitatea».
Errealitate anakronikoa. Talde terroristako kide izateagatik epaituko dituzte, eta auzipetuek erralitate «anakronikoa» bizi dutela diote. «Makroepaiketa hau testuinguru bati lotuta dago, eta badirudi testuinguru hori eman izan ez balitz bezala kokatu dutela. 2013an izan ziren lehenengo atxiloketak, 2014 eta 2015 bitartean luzatu zirenak. Bi urte horietan, eta aurretikoetan, Euskal Herrian beste egoera bat bizi genuen jada. Gaur egun, 2019an gaude eta leporatzen digutena da talde terroristako kide izatea, ETAko kide izatea, ETA dagoeneko esistitzen ez denean. Errealitate anakroniko hori da gaur egun bizi dugun egoera», aipatu du Meñikak.
Mantzizidorrek ere gauza bera nabarmendu du: «2011tik aurrerako gure jarduera da epaituko dutena, eta ETAk sasoi horretarako jada ez du indarkeriarik erabiltzen. Talde bat armatua dela esateko ezinbestekoa da biolentzia erabiltzea; hori da legeak eta jurisprudentziak esaten dutena. Beraz, talde terroristako partaide izateko, talde horrek biolentzia erabili behar du. Baina ez dago biolentziarik. Beraz, zer da guri leporatzen digutena?».
Egoera «kafkianoa» dela esan du Ziluagak: «Guri leporatzea ETAko kideak izatea justu ETAk borroka armatua etenda duen garai horretan, kafkianoa da».
Gizartea artikulatu. Prozesu luzea izango da, Meñikaren ustez, baina auzi hau gizartea artikulatzeko baliatu nahi dute. «Fase historiko bat bizi izan dugu herri honetan, eta fase historiko horren ondorioak oraindik ere amaitu gabe egoteak ekartzen duena da bake eszenario iraunkor eta justu batean oinarritutako zerbait sortzeko oraindik orain lan egin behar dugula». Saiakera bat egitea ezinbestekoa dela uste dute, «behintzat pedagogia lan hori egitea, sektore horiek aktibatze aldera. Hau da, perzepzio sozial hori bulkatzea, beste urrats bat emate aldera».
Auzipetuek garrantzia berezia ematen diote gizartearen kontzientziazio lanari, «arriskua dugulako horrelako anakronismoak eta astakeriak gure bizitzan uneoro egon daitezen». ETA desegin zela gogoratu dute, baina oraindik konpondu beharreko aspektu asko daudela diote, preso eta iheslarien afera, kasurako.