Klika egiten jarraitzeko konpromisoa
21.Korrika Gasteizen amaitu zen atzo. Maialen Lujanbio Zugastik irakurri zuen lekukoan 11 egunez bidaiatu duen mezua. Korrikaren azken metroak egin zituztenen artean egon zen Pili Ibarra AEK-ko irakasle gernikarra.
Klika erraldoia izan da. 11 egunetan klika egin du Euskal Herriak eta horretan jarraitzeko konpromisoa aldarrikatu zuten atzo, Gasteizen. Euskaraz sortuak eta euskararatuak. Euskaran batuak. Euskaraz batuak. Euskarak batuak.
Atzo amaitu zen 21.Korrika eta lekukoaren mezugilea zein izan den ere argitu zen: Maialen Lujanbio Zugasti bertsolaria. Euskal Herriko txapeldunak bertsotan hasi eta amaitu zuen bere mezua, eta hitzetarako, sorkuntzarako duen maisutasuna agerian utzi zuen, beste behin. Klika sistema eragilean. Horixe da erronka. Klika egunerokoan. Egin, eragiteko. Eragin, eginarazteko. Norbanakoak egin. Herri mugimenduak eragin. Erakundeek eginarazi. Egin, eragin, eginarazi.
Andra Mari Zuriaren plazan egin zuten amaiera ekitaldia. Aek-ko kideek egiten dituzte beti Korrikaren azken pausoak eta atzoko ordezkarien artean egon zen Pili Ibarra gernikarra. Zuzendaritza batzordeak beti egiten ditu azken metroak, eta herrialde bakoitzetik bina ordezkari izan zituzten alboan; denek txandaka eroan zuten testigua. Ibarrak Iñaki Urkijo AEKko koordinatzaile santurtziarragaz partekatu zuen lekukoa.
Gernikarrarentzat AEK-ko irakasle moduan bere azken Korrika izan da, erretiroa hartuko baitu hurrengo ikasturtean. Irakasle moduan azken Korrika bizi izan duen arren, hemendik aurrera ere laguntzen jarraituko duela esan du: “Badakit ez dela azkena, gero ere ibiliko naiz. Eskualdean nire aurretik jubilatu direnak ere orain ere laguntzen ibili dira. Guk ez dakigu besterik egiten; behar egiten besterik ez ziguten erakutsi. Euskarak behar nauen lekuan han izango naiz”. Izan ere, eskualdea euren autoan zeharkatzen dute Korrikaren furgonetaren aurretik, eta ohitura horri eutsiko diotela argi daukate. “Jendea euren lekuetan dagoen ikustea eta animatzea gustatzen zaigu”. Hurbileko harreman hori mantentzearen garrantzia azpimarratu du.
Urduritasunez eta oso hunkituta bizi izan zuen atzoko hitzordua. “Aukeratuetako bat nintzela esan zidatenetik urduri egon nintzen. Gero, bezperan apur bat lasaitu nintzen. Baina, bertan momentua heldu arte, oratu arte eta pasatu arte ere, estu. Emozio itzela izan zen”.
Hala, amaiera ekitaldia goitik bizitzea oso polita izan zela gaineratu du: “Inoiz ez naiz goian egon; beti behetik bizi izan dut amaiera. Zelako ikuspegia zegoen! Jende pila bat zegoen, plaza gainezka. Emozionatuta”.
Mertxe Mugika AEKren Koordinatzaile Nagusiak 11 egunotan klika egin duten ehunka milaka herritarrak zoriondu eta eskertu zituen. “Gogora ekarri nahi ditugu aurreko Korrikatik hona galdu ditugun AEKideak, Marian Leon eta Uxua Larretxea; haiei eskaini nahi diegu, zalantza barik, egin dugun lan ederra eta lortu dugun Klika erraldoia! Gaurko hau eta azken hilabeteak historikoak izan dira guretzat! Izan ere, Euskal Herriak KLIKA egin eta konpromisoa hartu du. Hautua egin dugu guztiok, eta ez edozein hautu: euskaraz bizitzeko erabakia hartu dugu!”.
Lujanbiok mezuan aitatutakoari keinu eginez, Mugikak esan zuen Euskal Herri euskalduna erdiesteko sistema eragilean egin behar dela Klika. “Eragiten duten toki guztietan klika egitea, baina, erraza bezain nekeza izan daiteke”, zehaztu zuen. Hori lortzeko, bidea argi daukate: “Norbanakook egin, eragileek eragin eta administrazioek eginarazi. Geuk erabakiko dugu nola egin, hartzen ditugun konpromisoen arabera”.
21. Korrikak aro berri bati eman dio hasiera, eta aro berri horrek lan egiteko molde berria ere ekarri behar duela azpimarratu zuen, elkarlanean eta lidergo partekatuan oinarritutakoa. “Horrela, oraindik ametsak baino ez direnak egia bihurtzeko bidean jarriko ditugu, hizkuntza-politikak elkarrekin eta elkarlanean adostuz, zehaztuz eta ezarriz. Bi urte barru, 22. Korrikan, oraingo Klikek zer eman duten eta zer bide egin dugun ikusteko eta baloratzeko aukera izango dugu. Euskara unibertsala bihurtzera goaz, beraz, eta horretarako bidea markatua dugu: ez dakienak ikasteko klika; dakigunok erabiltzeko klika; eragileok antolaketan klika, eta administrazioek erabakietan eta baliabideetan klika. Horixe da gure konpromisoa”.