Izenari izana eman behar zaiolako
Bihar 88 urte beteko dira II. Errepublika aldarrikatu zutenetik, eta Gernika-Lumoko Piper Gorri Kultur Elkarteak Gerrako Presondegi Ospitale Militarrean hildako 274 presoak omendu ditu, beste urte batez.
Gernika bonbardatu zutenek, Gerrako Presondegi-Ospitale Militarra jarri zuten Santanape aldean, 1938tik 1940ra. 274 preso hil ziren bertan, “hiltzen utzi zituzten”. Horixe gogora ekarri zuten Zalloko hilerrian, atzo arratsaldean.
Urtero legez, Piper Gorri Kultur Elkarteak 274 preso haiek omendu zituen. Izenari izana eman behar zaiola azpimarratu zuten. Bihar 88 urte beteko dira II. Errepublika aldarrikatu zutenetik, eta “askatasunaren alde” egin zutenei, historiaren harian bere lekua eman behar zaiela aldarrikatu zuten atzo: “Presondegi ospitale militar hartan zeudenak hiltzen utzi zituzten. Gaixorik zeuden, eta ez zituzten jagon. Gertaera penagarri hau ezin dugu ahaztu. Memoriari eutsi behar diogu”.
Presondegi-ospitale miliar hartan, 600 gaixorentzako lekua zegoen. Batik bat Asturias, Kantabria, Burgos edota Bilboko beste kartzela batzuetatik ekarritako gaixoak egon ziren bertan. Gaixotasun larriak zituzten (tuberkulosia, meningitisa, nefritisa, tifusa…) eta higiene eta zaintza faltak eragindakoak izan ziren horietako asko.
Atzoko omenaldian hildakoen zerrenda gogora ekarri zuten. Banan-banan zerrendatu zituzten, izen-abizenak, adinak eta gaixotasunak irakurriz. Izan ere, erregistro-liburuan gehienen datuak jasota dituzte. Aipatu datuokin batera, euren ogibideak, egoera zibila eta ze ordutan hil ziren ere agertzen da erregistro-liburuan. Zapatagina, nekazaria, tipografoa, nekazaria, errementaria… askotariko ogibideak zeuzkaten, eta atzo nabarmendu zutenez, asko oso gazte hil ziren.
Piper Gorri Kultur Elkartearen ordezkariek adierazi zutenez, gaur egun, oraindik ere gutxik dakite herrian ospitale militarra egon zela. “Askok uste izan dute eta oraindik ere uste dute eraikinean presoak zeudela; bonbardaketaren ostean herriaren parte bat berreraiki zuten presoak zirela pentsatzen zen, Langileen Batailoikoak, alegia. Berandu izan arren, gaur inoiz baino gehiago, memoriarako garaiz gabiltza. Ezagutzeko eta erreparatzeko memoria. Bizikidetzarako memoria. Errespetatzeko memoria. Ahanzturan ez jausteko memoria. Gertaera larri haiek berriro ez errepikatzeko memoria. Oraindik garaiz gaude”.