Ibilbide profesionalean aholkularitza eskaintzeko topagune bihurtuko da Behargintza
Izaro topagunea izenagaz, enplegu zentroaren "eraldaketa prozesua" martxan jarri dute.
Herritarrei zerbitzu hobeagoa emateko helburuagaz, Bermeoko Behargintzan “eraldaketa prozesua” jarri dute martxan “hausnarketa sakon bat egin ondoren”.
Izan ere, orain arte informazioa emateko lekua zena lan merkatuak jasan dituen aldaketekin “zaharkitutako zerbitzu” bezala geratu dela ondoriztatu dute Nere Mintegi Behargintzako zuzendariak eta Nerea Domingez orientazio teknikariak. Orain arte “lan bilaketarako beharrezkoak diren baliabideak eskaintzen ziren: kurrikuluma egiteko laguntzak edo lan eskaintzak, adibidez”.
Modu horretara, herritarrei aukera berriak eskaini eta enplegu zentroa Izaro topagunean bilakatzea erabaki dute. Erabilera anitzeko gela bat prestatu dute. Horrekin, herritarrei beraien ibilbide profesionalean aholkularitza eta laguntza eskaintzeko gunea sortu dute.
Erabilera anitzeko gunea. Apirilaren 29tik aurrera irekiko ditu ateak Izaro topaguneak. Domingezek azaldu duenez, astelehenetan eta eguaztenetan, 11:00etatik 13:00etara bitartean herritarrei lan bilaketa prozesuan aholkularitza eskaintzeko erabiliko dute topagunea.
Bertan orientatzaile bat egongo dela nabarmendu du, elkarrizketa eta curriculumak prestatzen eta lan eskaintzak eta formakuntzak bilatzen laguntzeko, beste baliabide batzuekin batera.
Martitzenetan, bestalde, ekintzaileen topalekuan bihurtuko da gunea. 10:00etatik 14:00etara negozio planak lantzeko, batzarrak egiteko, informazioa bilatzeko eta beste beharrizan batzuetarako erabili ahalko dute topagunea ekintzaileek.
Bukatzeko, eguenetan lan bilaketa prozesuari lotutako tailerrak egingo dituzte topagunean. Gunean eskainiko dituzten zerbitzu berriekin herritarrentzako “gune erabilgarria eta aproposa” lortzea espero du Mintegik, Behargintzaren helburua “herritarrei lan bilaketa prozesuan ahalik eta laguntza hobeena ematea baita”.
Herritarrei lagunduz. Iazko Behargintzako datuei buruz ere aritu dira Mintegi eta Domingez. Adierazi dutenez, 2018an 86 lan eskaintza kudeatu zituzten, eta horietatik 24 pertsona kontratatuak izan dira, 15 emakume eta 9 gizon, hain zuzen ere.
Datu horiekin pozik azaldu dira, eta sektore aipagarrienak zerbitzuak, ostalaritza eta zaintza izan zirela zehaztu dute.