Habanako umeen topagunea
1937ko maiatzean 4.000 ume 'Habana' ontzian itsasoratu eta Erresuma Batura joan ziren 36ko gerratik ihesi. Horien istorioa bildu du Gernika Memoriaren Lekuko plataformak.
Santurtziko portutik Erresuma Batura, Southamptonera. 1937ko maiatzaren 21a. Euskal Herriko 4.000 umek SS Habana itsasontzian bidaiatu zuten. Sorterria utzi behar izan zuten baporean, 36ko gerratik ihesi, senideak Euskal Herrian utzita. Istorio hori biltzen du Gernika-Lumoko Astran hilabete honetan dagoen erakusketak: Basque children: the English exile – Habanako umeak.
Erresuma Batuko Basque Children elkarteak lan itzela egin du gerrako ebakuazio horren historia erregistratzen, ikertzen eta kontatzen, eta gaur egun ere jendeari bere jatorria topatzen laguntzen diote. Izan ere, ume batzuk han geratu ziren, baina Euskal Herrian dituzte sustraiak, eta Erresuma Batuan jaiotako ondorengoek ez dakite nola topatu ditzaketen euren erroak. “Erakusketa paralelismo bat izateaz eta ume haien istorioa azaleratzeko baliatzeaz gain, Habana-n joandako norbait duten familien topagune izatea ere nahi dugu”, dio Maitane Uriartek, Lobak elkarteko kideak.
Habana itsasontziko ebakuazioa ikus daiteke Astrako erakusketan, baita umeek Erresuma Batuan bizi ziren kolonietan zer bizi baldintza zituzten ere. “Erresuma Batuko gobernuak ez zituen ume haiek hartu nahi. Jendeak diru bilketa bat egin zuen ahal izan zuen moduan; kanpainak antolatu zituzten gobernuari presioa egiteko asmoz. Azkenean, gobernuak umeak hartzea onartu behar izan zuen, eta, gerra bukatzean, umeei lagundu behar izan zien hona itzultzen”, zehaztu du Uriartek.
Umeen zerrenda
SS Habana ontzia, North Stoneham-eko kanpamentua, britainiarrek umeei laguntzeko egindako diru bilketak, haurren bizilekuak… EHUko Hezkuntza Museoak utzitako informazio oholak argazkiz eta azalpenez beterik daude, eta Maite Pinto artista bilbotarraren grabatuek osatzen dute erakusketa.
Halaber, besteak beste, Habana-n joandako umeen zerrenda eta Erresuma Batuan geratu zirenen zerrenda irakur daitezke —izen-abizenak eta jatorria zehaztuta—, baita aberriratze gutun bat eta 1937an Frantzian erbesteratuta zeuden guraso batzuek Erresuma Batura joandako ume bati bidali zioten gutuna ere.
Pinto bi urtez egon zen Manchesterren, eta People’s History Museum bisitatzean ezagutu zuen hara joandako ume euskaldunen historia. “Gaia interesatu zitzaidan, eta museoko artxiboetara jo nuen. Elkartearen berri izan nuen, eta haiekin harremanetan jarri nintzen”, azaldu du bilbotarrak.
Elkartearen artxiboetan oinarrituta egin zituen grabatuak, iaz. Pintoren berbetan, bere lanak ez dira soilik iraganaz berba egiteko, oraindik ere gertatzen ari den errealitate batekin lotzeko baizik: “Migrazioaren gaia landu nahi nuen nire lanetan. Kanpora joate hori, erbestea, gaur egun ere gertatzen dela azaleratu nahi nuen. Zure inguruan gertatu dela jakiteak, ikusteak, gehiago hurbiltzen zaitu gaira. Orain hori bizi dutenen lekuan jartzea eragiten du zelanbait”. Zazpi bat grabatu ekarri ditu Astrara. Itsasoratu zireneko unea, kanpamentuak eta beste hainbat egoera islatu ditu, urtinta teknikagaz eta monotipia teknikagaz kobrezko xafletan egindako grabatuetan.
Azaroan, Gernikako Lobak Manchesterren egon ziren euren proiektua ezagutarazteko. Basque Children 1937 elkartekoak ezagutu, eta haien gurasoen historiaren berri izan zuten haien ahotik. Kontatu zieten Habana ontzian erbesteratutako umeetariko batzuk euren gurasoak zirela.
“Egun planteatzen den egoera islatzen da erakusketan. Gerratik ihesi datozenek hona etortzean laguntza eta babesa behar eta eskatzen dutelako, baina denen ametsa euren herrialdera bueltatzea da, etxera. Paralelismo handia dago proiektu honen eta egun haur errefuxiatuek bizi duten egoera zailaren artean. Horregatik da garrantzitsua erakustea gure haurrek gerra garaian bizitakoa; gu ere errefuxiatuak izan ginela erakustea, alegia”, azpimarratu du Uriartek.
Memoria historikoa lantzen duten elkarteak batuta sortutako Gernika Memoriaren Lekuko plataformak antolatu du erakusketa, eta gaur, 19:00etan, Gernikako umeak (The Gernika Children) dokumentala proiektatuko dute. Gero, solasaldian elkartuko dira.
Plataformako kideekin batera ariko dira Pinto eta Basque Children 1937 elkarteko Simon Martinez eta Manuel Moreno. Bien aitek Euskal Herritik alde egin zuten Habana-ra igotzean, eta ez ziren bueltatu: “Bien gurasoak dira euskaldunak; denek ihes egin zuten. Amak Habana-n joan ez ziren arren, 36ko gerratik ihesi alde egin behar izan zuten”.
“Gure proiektua aurkeztera joan ginen”, azaldu du Uriartek. “Eta kate bat sortu zen; gauza batek beste batera eroan gaitu”. Gaurko ekitaldia “naturala” izatea nahi dutela dio: “Hurbileko giroa sortzea, topagune bat izatea”. Martinezen eta Morenoren istorioak entzun nahi dituztela dio. “Baina, aldi berean, publikoan ere egon litezke Habana-n joandakoen seme-alabak, eta haiek ere istorioak kontatzea nahi dugu”. Gazteak hurbiltzea ere bada haien helburua. “Gure herrikoei lagundu zieten moduan, guk ere zerbaitetan lagundu dezakegula erakutsi nahi dugu”.