Busturialdea korrikan da
Bermeotik hasita eskualde osoa igaroko du 21. Korrikak. Tipi-tapa, eskuz eskuz lekukoa pasatzen ari dira kilometroak aurrera egin ahala, euskararen deia Busturialdetik zabaltzeko asmoagaz.
Zazpigarren egunean iritsi da Korrika Busturialdera. Gaztelugatxetik iritsi da Korrikaren lekukoa, eta bertatik Bermeoko hirigunerantza abiatu dira korrikalariak, herriko kaleak oihuz eta ilusioz betetzeko gogoekin.
Minutu gutxi batzuetako atzerapenagaz iritsi da Korrika, eta lekukoa hartu duten lehenak Ekaitzen kuadrilako kideak izan dira, 1813. kilometroan. Eskuz esku lekukoa pasatzen dabiltza aurrera egiten ari direla: besteak beste, Arrolape Mendi Klubak, Foruko barnetegiak, herriko futbol taldeak, Erroxape Emakumeen Elkarteak, GEDek, SOM-HIk edota Amnistiaren aldeko taldeak jaso dute lekukoa.
Bermeo irrintzi artean girotzen ari dira herritarrak, egunak ilundu duen arren herriari bizia emanez.
Erraldoiekin, Xixili Gimnasia Taldekoekin, Gazte-Zar mendi taldekoekin eta beste hainbat erakundetako eta elkarteetako kideekinĀ euskararen aukera hartzeko deia zabaldu ostean, udalerritik irten eta Gernika-Lumorantza abiatu dira.
Mundaka eta Sukarrieta igaro dituzte jai giroan eta musikagaz. Korrikalariekin batera, kilometroak bizikletagaz egitera animatu direnak ere batu dira Korrikaren aldeko oihartzuna zabaltzeko. Busturian, Irrintzi Alaiko txistulariek girotu dute ibilbidea, txistuen doinu eta irrintzien artean.
Murueta eta Foru arteko aldapak ere gogo handiagaz eta abiada bizian zeharkatu dituzte. Foruko Jai Batzordeak lekukoa hartuta, konfeti eta oihuen artean aurrera egin dute, Gernikarako bidea hartuta. Foruko Urdaibai baserriaren parean suhiltzaileak itxaroten eduki dituzte kamioiagaz batera. Ikurrina eskaileretan eskegita, korrilakariak busti dituzte, indarrak emateko asmoagaz.
Euskararen eta korrikaren aldeko aldarria oihukatuz iritsi dira Gernika-Lumora, 1833. kilometroan. “Gerniken ere euskaraz” oihuka, Santanape kiroldegitik sartu dira Kirol patronatuak buruan zirela, eta hortik Udaletxera arte heldu da Korrikaren martxa, eskutik eskura Gure Kasa saioko kideek, San Fidel eta Seber Altube ikastoletako, Allende Ikastetxeko eta Muxikako Urretxindorra herri eskolako guraso elkartearen ordezkariek jaso dute lekukoa.
Lurgorrirako bidean Kolakaine, Gaukari eta Atxelipe txokoak ibili dira lekukoa txandakatuz, eta ostean Maierreko langileek lekukoa jasotzeko unea iritsi da. Hortik berriz ere erdigunerantza abiatu dira erritmoa lasaituz baina gogo biziak mantenduz. Iparragirre Rock Elkartekoek eta Trinketekoek, bestalde, gitarra eskuan dutela jarri dira korrikalarien buruan.
Iparragirre kalean Astra fabrika sozialekoan txanda iritsi da, eta pankarta eta mozorro artean aritu dira korrikan, Astra ere Korrikaren alde dagoela aldarrikatuz. Lilibertsokoek, beraien aldetik, martxa gelditu gabe Jon Lopategiren omenez bertsoa botatzeko aukera aprobetxatu dute. GEDekoek hautetsontzia eskuetan hartuta parte hartu dute ibilbidean.
Sare eta 37-87 Gernika Batzordeak lekukoa Kepa Arronategi presoaren amari eman die. Etxera, Euskal Presoak oihuen artean aritu dira. Gernikatik irteerako bidean, Australiako Euskal Etxeak hartu du lekukoa, Korrika mundu guztira hedatzen dela argi utzita.
Gernika-Lumo atzean utzita, Arratzu eta Kortezubi igaro dituzte Gautegiz Arteagara heltzeko gauerdiko hamabiak jotzerakoan. Ibarrangelura bidean korrikalariek Busturialdeko ibilbidean jeusi diren lehen euri tantak nabaritzen hasi dira, baina ez da horrek ez dizkie aurrera jarraitzeko gogoak kendu. Bitartean, natxituarrak, eatarrak eta bedarutarrak lekukoaren zain aritu dira gogotsu, giro ederrean musika eta kantuan.
Hala, Eara bengalak eskuetan piztuta iritsi dira korrikalariak. Busturialdeko azken kilometroak abiada bizian egin dituzte Bedarura iritsi arte, Busturialdeak 21. Korrikari agur esan dion lekua.
Orain arteko argazkiak: