«Egoerarik latzenean arriskua dago Kepa bizirik ez ateratzeko»
18 urte daramatza kartzeletan dauden preso gaixoak artatzen. Martitzenean osasuna eta elkarbizitza ardatz zituen hitzaldia eman zuen Elai-Alai aretoan, Garbiñe Biurrun epailearekin batera.
Preso gaixoen afera ezinbestean heldu beharreko gaia dela dio Maritxu Jimenezek (Bilbo, 1974). Kepa Arronategi preso gernikarraren medikua da, eta martitzenean, elkarbizitza eta osasuna bermatzeko espetxe politika aldatu beharko litzatekeela azaldu zuen.
Espetxea eta osasuna, konpatibleak dira?
Ez, ez dira konpatibleak, eta hori da jendarteari ulertarazi nahi dioguna. Espetxean dauden preso askok antsietatea, depresioa edo bestelako nahasmen bat pairatzen dituzte, eta azken urteetan blokeo handia dago; batez ere gaixo larriekin. Hori da Kepa Arronategiren kasua.
Gaixo egoteak eta preso egoteak zein arrisku dauka erantsita?
Gaixo fisikoen kasuan, antsietatea ere pairatzen dute. Izan ere, kartzelan ez daukazu kalean duzun bapatekotsuna. Arazoren bat duten presoek badakite ez dituztela momentuan artatuko, ez dutelako abisua segituan jasoko, edo momentuan ez dagoelako gaixoa artatzeko gaitasuna edo eskumena duen inor. Kasuak eman izan dira presoak hil ere egin direla asistentzia gabeziagatik. Hori espetxetik kanpo gertatuta, bizirik aterako lirateke.
Espetxeetako baldintzak, egokiak dira?
Oso prekarioa da dena. Profesional gutxi daude preso askorentzat. Horrez gain, gaixotasun asko drogekin lotutakoak dira, eta kontsulta eman arte hilabete igaro daiteke. Edo ospitalean probarik egin behar izanez gero, trasladatu egin behar izaten dute presoa. Lekualdatze horiek guardia zibilak egiten ditu, eta presoek tentsio uneak bizi izaten dituzte. Horregatik, askotan nahiago dute behar duten arretari uko egin trasladoetan bizi dutena bizitzea baino. Nahiko negargarria da egoera.
Arazo psikologikoak dituztenen kasuan ere berdin eragiten du?
Horien kasuan, oso garrantzotsua da konfiantza eta konfidentzialitatea edukitzea, eta espetxeak hori ez du bermatzen. Horretarako gaude gu, baina sakabanaketaren ondorioz, oso zaila egiten zaigu heltzea. Presoak konfidantzazko psikologoarekin bisita eskatzen du, eskaera hori Madrilera doa eta hilabeteko tartea igarotzen da, gutxi gorabehera, Madrilek erantzuten duenerako. Beraz, ni normalean hilean behin joaten naiz, gehienez. Ezin ditut bisitak sarriago egin. Sakabanaketak ere ez du laguntzen. Zaballa eta Zuera dira salbuespenak. Madrilek baimena emanez gero, nahi bestetan joan gaitezke.
Gaixo psikologikoen kasuan, ematen al dira kasuak espetxetik kanpora emango ez liratekeenak?
Bai, noski. Espetxeak berak, egitura bezala, antsietatea eta depresioa pairatzea errazten du. Argi natural gutxi dute, errutina zorrotzak dituzte, EPPK kolektiboko preso gehienek FIES erregimena dute aplikatuta, eta horrek egiten du egoera zorrotzagoa izatea. Espetxez aldatzen dituzte sarri, eta lekualdatze bakoitzak izugarrizko antsietatea sortzen du. Bestalde, isolamendua, legez, zigor bezala bakarrik erabili daiteke, eta astebetez gehienez. Baina EPPK-ko preso asko dituzte isolamenduan eta horrek delirioak, brote psikotikoak, antsietatea… sortzen ditu. Esate baterako, hori izan zen Kepa Arronategi preso gernikarraren kasua. Sei hilabetez eduki zuten isolamenduan, modulu oso arriskutsuan, eta bera erasotu nahi zutela sinistarazi zion bere buruari, Kontestu horretan funtzionario bat erasotu eta espetxez aldatu zuten. Horrekin batera, bere erregimena asko gogortu zen.
Espetxe barruan posible al da kasu denak dignostikatzea?
Espetxera asko heltzen dira torturak pairatu ostean, estres post-traumatikoarekin, eta horiek ez ditugu diagnostikatzen. Gehienetan ez dute laguntzarik eskatzen oso txarto egon arte, eta horrekin hasten da gerora datozen bestelako koadroak.
Osasunak eta elkarbizitzak espetxe politika berria behar dute izan da martitzeneko hitzaldiaren izenburua. Oinarriz, zer aldatu beharko litzateke?
Eskatu beharko litzatekeen gutxienekoa da, gaixo dagoen preso batek kalean egon beharko lukeen baloratzen duen pertsona profesionala izatea, eta erabaki hori medikuen irizpideen arabera hartzea. Ez dugu mesederik eskatzen, profesionaltasuna eta giza eskubideak bermatzea, besterik ez. Horrekin lotuta, esan behar dut Kepa Arronategiren kasuan kalean egon beharko litzatekeela. Mediku bezala, oso kezkagarria da bisitaz-bisita ikustea beti limitean eta egoera prekarioan dagoela.
Profesional bezala, zelan aurreikusten duzu Arronategiren eboluzioa kartzela barruan edo kartzelatik kanpo? Desberdina izango litzateke?
Egoerarik gordinenean, arriskua dago kartzelatik bizirik ez ateratzeko. Bere buruari min egin dio behin baino gehiagotan. Gainera, berak askotan esan du espetxeak bera gainditu egin duela, eta arriskua handia da. Gainera, oraindik zortzi urteko kartzela zigorra du betetzeko. Une honetan duen arazoa da izaera aldaketa, egoera traumatikoaren osteko diagnostikoa. Estres post-traumtikoaren ondoren ematen den diagnostikoa da, egoki kudeatzen ez bada. Bera hutsik sentitzen da, ingurua arrotz hartzen du, babesaren beharra du… Hori guzti hori, maitasun giro batean askoz hobeto kudeatzen du gaixoak. Beraz, kalera aterako balitz, errazago egingo lioke aurre egoerari. Hain zuzen, Almeriatik Zuerara eraman dutenean sekulako aldaketa egin du, hobera. Lagun min batekin egin zuen topo Zueran eta horrek asko lagundu zion. Baina lagun hori ere libre utzi berri dute.
Larria da, beraz, egoera kartzeletan?
Oso larria. Une honetan 21 preso ditugu larri gaixo daudenak. Horietako seik arazo psikologikoak dituzte, baina 3 edo 4ren egoera da publikoa. Muturreko kasuak dira denak. Aipatu behar da azken hamarkadetan 21 preso hil direla espetxeetan, eta horietatik 10ek bere buruaz beste egin dutela. Medikuei askotan ez digu denborarik ematen behar bezala heltzeko: ez dute laguntzarik eskatzen, kideak ez dira konturatzen…
Baina ebitatu zitezkeen?
Bai. Xabier Rey Antxoren kasuan, adibidez, kalean balego ziurrenik ez litzateke gertatuko. Tortura latzak pairatu zituen, espetxealdi gogorra, eta horrek eragindako egoera latz batetara heldu zen.
Gizartea kontziente al da preso gaixoek bizi duten egoeraz?
Ez dakit, gustatuko litzaidake izatea, baina ez dakit esaten.
Elkarbizitza eta osasuna. Nola lagundu dezakete elkar?
Nire ustez, Kepa Arronategiren kasuan, adibidez, funtsezkoa da kalean egotea. Askoren kasuan, gainera, espetxean dituzte zigorraren hiru laurdenak beteta, eta behar duten elkarbizitza ez da posible espetxe barruan. Presoek ere behar dute sentitu pertsona aktiboak direla gizarte honetan, eta zentzu bat eman beraien bizitzari.