Lapurretak saihesteko aholkuak eman ditu Bermeoko Udaltzaingoak
Herriko hainbat etxetan ustez lapurrek egindako markak aurkitu dituzte.
Herritarrei lapurretak saihesten laguntzen asmoz, Bermeoko Udaltzaingoak hainbat aholku eman ditu etxebizitzetako segurtasuna areagotzea helburutzat hartuta.
Izan ere, herriko hainbat etxetan ustez lapurrek egindako markak aurkitu dituztela azaldu du. Adibidez, “silikona tirak ateetan itsatsita“.
Etxeko atea irekitzerako orduan “arreta izateko” eskatu die herritarrei, eta “ezezagunei eta kontratatu ez diren enpresei aterik ez irekitzeko” adierazi du.
“Ez baduzu inolako zerbitzurik kontratatu, eta enpresa pribatu baten izenean etxera deitzen badute, aterik ez irekitzea aholkatzen dugu”, azaldu du Benito Ibarrolaza Bermeoko alkateordeak eta Segurtasun zinegotziak.
Gainera, beraien etxebizitzetan edozein motatako markak aurkituz gero 092 zenbakira deitu dezaten eskatu du alkateordeak, Udaltzaingoak ikerketa bat egin ahal izateko.
“Ez dago alertarako arrazoirik, baina, Udaltzaingoa, Ertzaintzarekin batera, prebentzio lanak egiten ari da eta, lan horren barne, neurri batzuk hartzeko eskatu die herritarrei lapurretak saihesteko”, nabarmendu du Ibarrolazak. Hortaz, edozein gauza arraro nabarituz gero larrialdietako zenbakira deitzeko eskaria egin du.