Kepa Luzarraga: "Ikuspuntu profesionalago batetik idatzi dut oraingoan"
Euskarazko olerki bilduma autoargitaratu du mundakarrak, bere buruarengan eta idazlearengan pentsatuz egindako liburua sortzeko aukera edukitzeko.
Zure bigarren liburua argitaratu duzu, Itotzeari beldurrez lehortu gara olerki bilduma. Lehena eleberria izan zen, zergatik egin duzu aldaketa hori?
Eleberria idatzi ostean bolante kolpe bat eman eta guztiz aldatu nahi izan nuen, gauza berriak probatzeagatik. Hortik irten da olerki bilduma. Ez da izan asko mamurtu dudan ideia bat. Aurreko liburuaren bukaeran olerki bat sartu nuen, eta hortik hasi nintzen pentsatzen formatu hori interesatu egiten zitzaidala. Olerkiek idazteko lasaitasuna eta askatasuna eskaintzen dizkidate. Olerkiren bat edo beste idazten hasi nintzen, eta azkenean 100 bat izatera heldu nintzen.
Zer nolako inspirazio iturriak izan dituzu olerkiak idazterakoan? Ze gai lantzen dituzu?
Berez, eguneroko bizitza da inspirazioa. Oinarri interesgarri bat duen bizitako edozein egoera hartu ahal dut, hortik hitz joko bat atera eta mezu bat garatzeko. Esperientzia txikiak jasotzen ditut, eta hortik ateratzen ditut poemak. Esate baterako, irakurtzen hil da edo hil zaio bezalako bi esaldik izan ahal duten desberdintasunaz ohartu nintzen, eta halako burutazioetatik abiatuta idazten dut. Gaztetasuneko idealismo horren krisia da landutako gaietako bat; nire ustez, nagusia. Berez gai oso desberdinak landu ditut: lana, maitasuna, adiskidetasuna… Gu gure gizartearen produktuak gara, eta krisi horrek planteatzen dizu galdera da: “Aurrerantza jarraituko dut edo atzera egingo dut?” Hori da liburuaren ardatza. Itotzearen beldurrez, ez bustitzea. Hori gertatzea zein erraza den eta zein hurbil izan ahal dudan ikusita, hortik sortzen zaidan tentsiotik datorkit ideia.
Zenbat olerki bildu dituzu liburuan?
80 bat poema azaltzen dira liburuan, beraz, gidoi edo gai orokor bat jarraitzea zaila da. Dena den, liburuak jarraitzen duen ideia orokorra nahi eta ezin hori izango litzateke: modu batera bizi nahi dut, leku batean, baina hori lortzeko nahia eta beldurra ditut, eta horien arteko borroka izango litzateke gehienbat lantzen dudana, baina arlo askotatik enfokatuta. Bizi dudana idazten dut, baina idazten dudana ere bizi dut; noranzko bikoa da, beraz. Idatzitakoa aldatuz doa bizipenekin batera.
“Gaztetasuneko idealismo horren krisia da landutako gaietako bat”
Hari bat jarraitzen duzu, beraz.
Bildumak ez dauka horrenbesteko batasunik, berez nahikoa heterogeneoa da. Idazten hasi nintzenean, guztia nahikoa uniformea zen, eta lagun batzuekin berba egin ostean, argi geratu zitzaidan: poema guztiek kolore berbera badaukate ez da kontrasterik egongo. Kontrasterik barik, dena berdindu egiten da eta bere distira galtzen du. Hori saihesten saiatu naiz, kolore guztiak nabarmentzeko. Ferrari bat badaukazu, eta beste hiru Ferrari erosten badituzu, hiru auto berdin edo oso antzekoak izango dituzu. Aldiz, auto xumeago bategaz, bien arteko desberdintasunak nabarmenago ikusiko dituzu. Hori bilatu nahi izan dut nire olerkiekin.
Noiz hasi zinen bilduma prestatzen?
Orain dela bi urte hasi nintzen, baina oso prozesu naturala izan da, ez da mamurtuta edo planifikatuta egon den zerbait. 100 poema inguru izan nituenean serioago hartzen hasi nintzen, eta horien artean aukeraketa bat egin nuen, idatzita nituenak hobetzeko ostean. Aukeraketa egiterakoan nire buruagaz nahikoa gogorra eta zorrotza izan naizela pentsatzen dut; beraz, argi izan dut zeintzuk izan diren aukeratu beharrekoak. Gutxieneko maila batera heltzen ez ziren olerkiak kanpoan utzi ditut.
Lehenengo liburua gaztelaniaz idatzi zenuen. Zergatik erabaki duzu olerki bilduma euskaraz idaztea?
Adinagaz giro euskaldunago batera hurreratzen hasi naiz. Lehenengo liburua erderaz argitaratu nuen, euskara batuagaz pixka bat eskas ikusten nintzelako. Baina arantza horregaz gelditu nintzen, eta ezin nintzen horrekin egon. Argi daukat nola bizi nahi dudan, eta nire lana euskarara bideratu nahi izan dut.
Zuk zeuk argitaratu duzu liburua. Zergatik erabaki zenuen horrela egitea?
Ni naizen burugogorragaz, argitaletxe batek eskaini ahal didan gauzarik garrantzitsuena banaketa izango litzateke. Kontuan izanda euskarazko literatura lantzen dudala, poesia dela eta horrek zer nolako espazioa daukan, liburua autoargitaratzea erabaki dut, nik nahi dudan modura argitaratzeko, inork nire lana ukitu barik. Inoiz zalantzak izan ditut, eta argitaletxe batekin lanean hasteko gogoa izan dut, baina lehen bi lanekin nire kontura sortu eta argitaratzea erabaki dut, produktu garbiago bat ikusten nuelako.
“Poema guztiek kolore berbera badute, ez da kontrasterik egongo”
Nolakoa izan da lana argitaratu arteko bide hori?
Liburua maketatzea eta antzekoak norberak egiteak beldurra ematen du, ez dakizu nondik hasi, eta txarto eginez gero, zuk ordaintzen duzu akatsa. Dena Internet bidez egiten ikasi dut. Lagun batek marraztu du liburuko azala, baina beste guztia nire kabuz egin dut. Bidea nahikoa itsuan egin dut, baina, adibidez, Durangoko Liburu eta Disko Azokan beste autoekoizle batzuk ezagutzeko aukera eduki nuen, eta hortik oso esperientzia positiboa atera nuen. Nire egoera berberean dauden hainbat idazlerekin egon nintzen.
Olerkiak idazterakoan, zure buruarentzat egin dituzu edo irakurleentzat?
Galdera ona, baina erantzuteko zaila. Lehenengo liburua niretzat egin nuen, zalantza barik. Mila ideia desberdin bota eta produktu gordin bat argitaratu nuen. Olerki bildumagaz filtro gogorragoa izan dut. Niretzako idaztea ondo dago, baina argitaratu egingo badut, pertsona gehiagok irakurriko dutela eta horiei lana erraztu egin beharko diedala pentsatu dut. Ezin dut irudikatu niretzat ez idaztea, baina ikuspuntu profesionalago batetik idatzi dut oraingoan.