Erronkaz erronka, indartuz
Urdaibai FTn kadete eta txiki mailetako nesken talde bana daukate. Emakumezkoen kirolari bultzada eman asmoz, Lurraldeko mailako taldea aterata, beste pauso bat emango dute.
Talde bigaz hasi eta 11k osatzen dute gaur egun Urdaibai Futbol Taldea. Klubak izan duen bilakaeraren adibide argia da, baina ez bakarra. Izan ere, helburuz helburu, erronkaz erronka, familia handi bat osatu dute.
2013an sortu zuten Urdaibai FT. 2016an jauzi garrantzitsua eman zuten, nesken kadete taldea osatuta, eta orain, beste erronka handi bat daukate esku artean. 2019-2020 denboraldian emakumezkoen Lurralde mailako taldea aterako dute.
Gaur gaurkoz, 230 bat pertsona biltzen dituen eskualde mailako klubak zenbait bereizgarri ditu gainontzeko futbol taldeekin alderatuta. Kirol balioetan oinarritutako filosofia da bere ardatza, eta jokalari guztiek futboleko arauak ezagutu eta barneratzeari berebiziko garrantzia ematen diote. Horregatik, arauak ezagutzeaz gain, epaile eta entrenatzaile izateko ikastaroak eskaintzen dizkiete neska-mutilei. Lehen sorospen ikastaroak ere ematen dituzte taldekideentzat.
Ilbon Urizar Azpitarte presidenteak azaldu duenez, eskolarteko mailatik federatuetara pasatzen direnean, kadeteen lehen urtean joko arauak barneratzeari garrantzia ematen diete. “Ez dituzte ezagutzen, eta horregatik, gugaz jokatzeko nahitaez lehen urtean joko arauak ikasi behar dituzte. Arrakasta itzela eduki dugu; orain, 30 jokalaritik gora ditugu epaile ere badirenak”.
Urizar epaile ezaguna izan zen; Espainiako ligan zein nazioarteko txapelketetan hamaika partidu zuzendutakoa da. Jokalariek araudia ezagutzea zelaian euren “onurarako aprobetxatu” dezaketela azpimarratu du, eta, era berean, jokalarien eta epaileen artean ez dela “hainbeste liskar sortzen”.
Nesken taldeak
Nesketatik, esate baterako, bost jokalarik daukate epaile titulua. Eskualdean nesken taldeak dituen bakarra da Urdaibai FT. Kadete taldeagaz hasi eta gerora, txiki mailako taldea osatzea lortu zuten. Raquel Vazquezegaz eta Idurre Onaindiagaz entrenatzen dute; azken horrek Gernikan jokatu zuen.
2016ko irailean hamahiru neskagaz hasi zirela gogoratu du Urizarrek. Orain, berriz, hemeretzi daude, eta gero eta gehiago izatea espero dute. Orain dela hiru denboraldi nesken taldea sortzeko apustua egin izanaren garrantzia nabarmendu du klubeko presidenteak. “Hasieran atez ate ibili ginen, umeak eta gurasoak taldean sartzera animatzen. Gure ilusioa nesken taldea osatzea zen, eta lortu genuen. Lehenengo urtean zazpigarren amaitu genuen liga; ez genuen espero. Askok lehenengoz hartu zuten baloi bat”.
Hala ere, esperientziadun jokalariak ere badituzte. Esaterako, Bermeoko nesken taldea desegitearen ondorioz, bi jokalarik Urdaibain sartzea erabaki zuten, eta horien esperientziak asko lagundu ziela dio Urizarrek.
Kirol heziketa
Ate asko jo dituzte, bai neska-mutikoak animatzen, gurasoei informazioa ematen eta baita laguntza eske ere. Ikastetxez ikastetxe zabaldu dute informazioa, euren filofosia azalduz. Kirol balioak zein giza balioak sustatzea oinarri duen kluba sortzea erabaki izanaz harro daude. Kirol heziketa funtsezkoa dela argi daukate, bai eta jokalariek ondo pasatzea ere. “Denek futbola praktikatzeko aukera izatea zen gure asmoa; jokalari guztiei jokatzeko aukera eskaintzea. Irabaztea ondo dago, gustukoa dugu, baina garrantzitsuena parte hartzea da. Gure partiduetan ez da onartzen oihurik ez irainik, eta partidua hasi aurretik, talde argazkia ateratzen dute bi taldeek, epaileagaz”.
Orain egin duten apusturako babesleak eta laguntzaileak beharko dituztela dio; bidelagunak. Eta erakundeen laguntza ezinbestekoa dute: “Tamalez, mutilen taldeei ematen zaie lehentasuna. Nesken futbola bultzatu behar dela esaten digute, baina denen laguntza beharrezkoa dugu”. Adibidez, Busturiko Udalagaz akordioa lortu dute, eta euren zelaia erabiltzen dute: ”Gure lanagaz, herrian futbola sustatu gura du udalak. Benjamin taldea osatu dugu, eta hurrengo denboraldian goragoko beste talde bat ateratzeko asmoa daukagu, Busturia erregional mailara bueltatzea lortu arte”.
Hain zuzen, Urdaibai FTk badauka mutilen Lurralde mailako taldea, eta orain neskena izateko bidean da. “Ahal dela lehiakorrak izan nahi dugu; baina garrantzitsuena futbolean jokatzea da, eta ahalik-eta urrunen heltzea. Zuzendaritza taldeko askoren ilusioa da gure emakumezkoen taldea gorengo mailan lehiatzera heltzea; ahalik eta goren. Urdaibaik merezi du halako zerbait”.