Tabernetan ikuskizun kulturalak mugatzen dituen legea salatzeko ekimenak egingo dituzte
Arteak Ireki plataformak Gernika-Lumon eta Bermeon protesta egiteko deia egin du.
Eusko Jaurlaritzak Jendaurreko ikuskizunen eta jolas jardueren lehenengo erregelamendua onartu zuen joan den otsailean.
Kultura arloko Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako hainbat artista eta talde azaldu dira dekretu horren aurka, eta protestak modu bateratu batean egiteko Arteak Ireki plataforma sortu dute. Horren harira, Gernika-Lumon eta Bermeon ekitaldiak prestatu dituzte zapaturako.
Argazki masiboa. Gernika-Lumon, araudi hori salatzeko argazki masiboa ateratzeko deia egin dute. 12:30ean jarri dute hitzordua, merkurion. Bermeon ere argazki erraldoia aterako dutela adierazi dute. Goiko plazako kioskoan egingo dute ekimena, 13:00etan. Ostean, “kalerik kale, plazarik plaza eta tabernarik taberna” joango dira kalejiran “zuzeneko musika eta kultura aske baten aldarria zabaltzera”.
Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez, erregelamenduaren bidez “jarduerak eta ikuskizunak egiteko lekuetan egituren sendotasunari eta higieneari buruz eska daitezkeen baldintzak eta ikuskizunetan eta jolas jardueretan egoteko eta onartzeko baldintzak zehaztu” egin dituzte.
Horrela, “ekitaldi jakin batzuei jendea onartzeko, segurtasuneko eta akomodazioko kontrol zerbitzuak” ezartzen dizkie, horien “ezaugarriak eta edukiera” kontuan hartuta.
Hamabi ikuskizun urtean. Plataformako kideak oso kezkatuta agertu dira erabaki horrengatik. Nabarmendu dutenez, “taberna batek ere ezingo du hilean ikuskizun bat baino gehiago antolatu, edota urtebetean hamabi baino gehiago”. Plataformaren berbetan, arau horrek “uda sasoian edo herri, auzo eta hirietako jaietan kontzertu bat baino gehiago egiteko aukera bertan behera uzten du”.
Erregelamenduak ez die bakarrik tabernei eragingo. Izan ere, elizetako kontzertuei ere baldintzak ezarri dizkiete, eta “abesbatzen emanaldietan ere eragingo duela” azpimarratu dute.
Plataformakoentzat araudi hori “ekosistema kulturalari eta hastapenetan dauden taldeei eraso bat” da. Horri konponbidea aurkitzeko, “kultura espazioak izeneko kategoria berria sortzearen alde” egingo dutela adierazi dute.
“Hau funtsezko urratsa dela uste dugu aipatutako aforo txikiko eta izaera erabat kulturaleko espazio hauek babesteko, beti ere auzotarrekin elkarbizitza bermatuz. Formatu txikiko musikaren eta zuzeneko arteen aldeko marko normatibo berria behar dugu”.
Hori lortzeko lokal eta ostalari guztiei “erne egon daitezen eta ez dezaten beraien kexa agertzeko aukera galdu murrizketa honen eta sektorearen kontrako eraso honen aurrean” deia egin diete. Kexa horiek kalean plazaratzeko, zapatuan egingo duten ekimenetara joateko eskatu dute, eta herritar guztiei parte hartzera animatu diete.