Materia organikoa gaika batzeko 5. edukiontzia ezarriko du Bermeoko Udalak
Edukiontzien berri emateko kanpaina zabala prestatu dute.

Bosgarren edukiontzia herriko kaleetan ezartzeagaz batera, bermeotarrek materia organikoa gaika batzeko zerbitzua eskuratuko dute.
Bermeoko Udalak herritarrei edukiontzi berriaren inguruko informazioa eman eta hori erabiltzera animatzeko bideratuta dagoen kanpaina hasiko duela iragarri du. Egitasmoaren berri emateko Irune Ormaetxea Ingurumen zinegotzia eta Aritz Abaroa zinegotzia, Iñigo Gonzalez eta Gaizka Aurrekoetxea, Zerbitzuetako eta Ingurumen teknikariak, hurrenez hurren eta Ane Etxaniz Spora Ingurumen Zerbitzuetako ordezkaria batu dira gaur goizean.
Egitasmo hori udal gobernuak eta EAJ udal taldeak ordenantza fiskalak onartzerakoan adostu zuten akordio baten bidez jaio dela nabarmendu dute Ormaetxeak eta Abaroak.
Ormaetxearen berbetan, herritarrek eta komertzioek sortzen dituzten hondakinen “%40 inguru konpostatu ahal diren hondakin organikoak dira”. Konpostatzeagaz, “materiaren zikloa itxi” eta “lurrari elikagaiak bueltan” ematen zaiola azaldu du ingurumen zinegotziak, “hondakinak baliabide bihurtuta”. Bosgarren edukiontziagaz, kopuru horretako portzentai handi bat berreskuratzea du udalak helburu bezala.
Hondakinak. Izan ere, bosgarren edukiontzira hainbat hondakin desberdin bota ahalko dituzte herritarrek: besteak beste, lorategiko hondarrak; fruta azalak, fruta hezurrak eta fruitu lehorren azalak; pasta eta arroz hondakinak; barazki, ortuari eta lekale hondarrak; kafe eta infusio hondarrak, kortxozko tapoiak eta musuzapiak; ogi, galleta eta opil hondarrak, irina eta ogi birrindu hondarrak.
Edukiontzi berriaren jakin beharrekoak azaltzeko hainbat ekimen prestatu ditu udalak. Hasteko, udalerritik bandoa eta kartela jartzeagaz batera, etxebizitzetara eskutitzak bidaliko dituzte informazioagaz. Herritarrei azalpenak zuzenean eman eta zalantzak argitzeko hitzaldiak prestatu dituzte martxoaren 20an. 16:00etatik 19:00etara bitartean, orduro emango dituzte hitzaldiak Nestor Basterretxea aretoan.
Informazio guneak. Horrekin batera, martxoaren 21etik apirilaren 2ra bitartean informazio guneak ezarriko dituzte herriko hainbat puntutan. Horietan ingurumen hezitzaileak egongo dira, etxean hondakin organikoen bereizketa nola egin azaltzeko.
Gainera, interesatuek sisteman parte hartu ahal izateko izena eman ahalko dute. Izan ere, edukiontziak erabili ahal izateko txartel berezi bat banatuko zaie izena ematen dutenei, horiek zabaldu ahal izateko. Aurrekoetxeak azaldu duenez, kanpainaren helburua “1.500 familiak izena ematea da”. Edukiontziak hasiera batean herrigunetik zehar banatuko dituztela zehaztu du. Landa auzoak beraz, ez dute edukiontzirik izango.
Komertzioek, sukaldea duten ikastetxeek, zaharren egoitzek eta Bermeoko osasun mentaleko zentroak ere bosgarren edukiontzia erabiliko dutela adierazi dute. Etxanizek azaldu duenez, hondakin kopuru handia sortzen duten 40 komertzio identifikatu dituzte herrian, eta horiei baliabide bereziak eskainiko dizkie zaborra batzeko.
Ormaetxeak herritarrak animatu ditu egitasmoan izena ematera eta edukiontziak erabiltzera. “Gure ingurumena zaintzeko materia organikoa gaika batzea pauso garrantzitsu bat da; izan ere, hondakinak baliabide bihurtzen ditugu”, azaldu du.
Informazio guneen ordutegia eta kokapenak:
- Martxoaren 21ean:
- 10:30-14:00. Santamañe kalea.
- 16:00-19:30. Taraska.
- Martxoaren 22an:
- 10:30-14:00. Osasun etxea.
- 16:00-19:30. Kiroldegia.
- Martxoaren 25ean:
- 10:30-14:00. Gonzalo Nardiz enparantza.
- 16:00-19:30. Kultura etxea.
- Martxoaren 26an:
- 10:30-14:00. Goiko Plaza.
- 16:00-19:30. Artike bidea 1.
- Martxoaren 27an:
- 10:30-14:00. Erribera.
- 16:00-19:30. Erreten.
- Martxoaren 28ean:
- 10:30-14:00. Udal azoka.
- 16:00-19:30. Udal azoka.
- Martxoaren 29an:
- 10:30-14:00. Lamera.
- 16:00-19:30. Lamera.
- Apirilaren 1ean:
- 10:30-14:00. San Martin.
- 16:00-19:30. San Martin.
- Apirilaren 2an:
- 10:30-14:00. Goiko Plaza.
- 16:00-19:30. Atalde kalea.