[EGUNERATUTA] Alde Zaharreko birgaitze lanen zorra ordaintzen ari da Bermeoko Udala
Zor guztia "epe laburrean" kitatzea aurreikusi du Bermeoko EH Bilduk.

Bermeoko EH Bilduren Udal Gobernuak Alde Zaharreko bizilagunei “birgaitze lanak egiteagatik zor dizkien diru laguntzak ordaintzen” ari dela adierazi du. Agintaldia amaitu baino lehen “zor guztia kitatzea” aurreikusi dute.
“2007tik 2010era, EAJ udal gobernuan zegoela, Berualak Alde Zaharreko bizilagunei 600.000 euro inguruko diru laguntzak onartu zizkien birgaitze lanengatik, baina diru laguntza horiek ez zituzten ordaindu”, adierazi du koalizioak.
“Bermeoko udalaren egoera ekonomikoa kontuan hartuta”, udal gobernuak zor horiek ordaintzeko “ahalegin handiak” egin dituztela nabarmendu du, “gutxi gutxika ordaintzen” ari diren arren.
Une honetan “450.000 euro inguru” ordaindu dituztela jakinarazi dute koaliziotik, eta gainerakoa “epe laburrean” ordaintzea aurreikusten dute, era horretara “hartutako konpromisoa betez”.
Kritikak. Bermeoko EAJk adierazi duenez, “pozik” agertzen da Bermeoko Alde Zaharreko biztanleekin udalak eduki dituen zorrak ordainduta geldituko direlako. Halere, zor hori “EA udal gobernu taldearen buru zela aurrera eraman zuen gestio negargarriaren ondorioa” dela aldarrikatu dute.
“Udalak laguntza horrek ordaintzeko dirua zeukan, baina EAk kultur etxeko obrakaz sortu zuen zor handia ordaintzera bideratu behar izan zuen”, adierazi dute. Jeltzaleek “gobernuan 8 urte eman eta gero EH Bilduk zorra hauteskundeetarako hilebete bi falta direnean ordaintzea” kritikatu du, “aurreko ekitaldietan horretarako dirua egon zenean”, eta agintaldi osoan kaltetuen aurrean ez dutela “inolako interesik erakutsi”.