Greba egingo du Hezkuntza Saileko sukalde eta garbiketako langileen kolektiboak
Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko ikastetxeetan ere bat egingo dute ELA sindikatuak deitutako greba deialdiagaz. Martxoaren 28rako ere greba eguna aurreikusita dago.
ELA sindikatuak egindako deiari erantzunez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarentzat zuzenean lan egiten duten sukalde eta garbiketako langileen kolektiboak greba egingo du bihar [martxoak 13]. Sektorearen pribatizazioaren kontra eta lan baldintza prekarioekin amaitzeko greba deitu du sindikatuak. Martxoaren 28rako ere aurreikusita daukate beste greba egun bat.
Lea-Artibai eta Busturialdeko ikastetxeetan ere bat egingo dute greba deialdiagaz. Markina-Xemeingo Bekobenta Eskolan eta Markina BHIn, Gernika-Lumoko Allende Salazarren, Barrutia Herri Ikastetxean eta Bermeoko San Frantziskon, besteak beste. Beste ikastetxe batzuetan catering zerbitzua daukatenez, grebak oraingoan ez dietela eragiten azaldu dute. Hala ere, Hezkuntzak azpikontratatutako enpresetan lan egiten duten milaka emakume langileen lanpostuak, hitzarmena eta baldintzak ere zalantzan geratzen zirela dio ELAk kudeaketa era aldatzeko asmo horregaz, eta horiek ere grebara deituta daude martxoaren 20, 21 eta 22an.
Guraso elkarteen esku. Urtarrilaren 10ean Eusko Jaurlaritzak aukera eman zuen guraso elkarteek ikastetxetako jantokiak kudea zitzaten. Horrela, familien esku uzten zuen lan administratiboa, langileak kontratatzea eta janaria erostea edo eta jantokiaren kudeaketa. ELAren ustez proposamen hori arriskutsua zen milaka langileren enplegu eta lan baldintzentzat. Diotenez, Jaurlaritzak zerbitzua pribatizatu nahi zuen, eta hezkuntzako sukalde eta garbitasunean zuzenean lan egiten duen jende kopurua murriztu. “Kolektibo honen aldi baterako enplegu tasa %70ekoa da; sukaldeak eskoletatik desagertzen ari dira; gero eta lan karga eta ratio handiagoak jasan behar dituzte langileek; funtzio eta kategoriak oraindik ere finkatu ez direnez, sektorea profesionalizatzeko aukera baztertzen ari dira; krisi urteetan soldatek erosteko ahalmenaren %12 galdu dute eta soldata arrakala handia dago”.
Eusko Jaurlaritzak sukalde eta jangeen kudeaketa guraso elkarteen esku uzteko hartu zuen erabakiaren kontrako greba ere izan behar zuen biharkoak, baina ELA sindikatuak azaldu duenez, Jaurlaritzak bertan behera utzi du eskola jantokietako kudeaketa eredua aldatzeko asmoa.”Jaurlaritzaren zuzeneko langileek zein azpikontratetan dihardutenek lortu dute garaipen hori. Beste behin ere agerian utzi dute greba inoiz baino premia handiagoa dela”.
Hala ere, urrats hori ez dute nahikoa dela ikusten. “Jaurlaritzari eskatzen diogu aldi baterako lanpostuak finka ditzala, murrizketak bertan behera utzi, lan baldintzak hobetu eta ratio politika alda dezala, lan kargak jasangaitzak baitira. Lakuak kalitatezko zerbitzua eskaini behar die jantokiak erabiltzen dituzten ikasleei”. Bitartean, ELAk, greba eta mobilizazioaren bideari eutsiko diola azaldu du, “Jaurlaritzak kontrako norabidean doazen erabakiak har ez ditzan”.