Gemma Zabala izango da EH Bilduren Foruko alkategaia
Ainhoa Madariagaren ordezkoa hartuko du zerrendaburu bezala.
EH Bilduk udal hauteskundeetarako Foruko zerrendaburuaren izena iragarri du. Gemma Zabala Odriozola aurkeztu dute alkategai modura.
Foruko EH Bilduren ordezkari eta bozeramaile bezala lau legegintzaldi bete dituen Ainhoa Madariagaren ordezkoa hartzera dator Zabala. Alkategaiak 43 urte ditu, eta Lan Harremanetan Diplomatua eta Magisteritzan Diplomatua da. Leioan kokatuta dagoen Betiko Ikastolan irakaslea da eta enpresa komiteko kidea eta 2015-2019 legegintzaldian EH Bilduko zinegotzia izan da Foruko Udalean.
Gainera, hainbat urtetan Foruko Jai Batzordeko kidea izan da eta Diruzaintzaren ardura izan ohi du. Urdaibai Dantza Taldeko kide izan da urte askotan zehar eta taldeko juntan ardura desberdinak izan ditu.
Koalizioak jakitera eman duenez, “barneko Hauteskunde Prozesuaren Jarraipen Batzordeak baldintza eta berme guztiak betetzen direla bermatu eta beharrezko abalak aurkeztu ostean”, zerrendaburua aukeratzeko prozesua bukatutzat eman da Zabalaren aukeraketagaz.