Bermeoko saihesbidearen eta herrigunearen arteko lotura 2020an bukatuko dute
Lanen lizitazioa martxoaren 25ean egitea aurreikusten du Bizkaiko Foru Aldundiak.
Tellaetxe Tar Josu kaletik saihesbideraino helduko den sarrera 2020rako prest egotea aurreikusten du Bizkaiko Foru Aldundiak. Bermeoko Udalak jakitera eman duenez, lanen lizitazioa martxoaren 25ean egitea aurreikusten du aldundiak.
Amaia Elorza Bermeoko Lurgintza zinegotziaren berbetan, “lizitazioa egin ondoren lanen adjudikazioa egitea eta lehenbailehen hastea” espero dute. Izan ere bermeotarrek lotura horren zain “denbora asko itxaroten” daramatela nabarmendu du. Elorzak azaldu duenez aldundiak saihesbidearen lanak “joan den urtean” hasiko zituela uste zuen udalak, eta Tellaetxe Tar Josu kaleko sarbidea aurton prest egongo zela.
Zinegotziak gogoratu duenez, 2015. urteko maiatzaren 14an udalak osoko bilkuran onartu zuen aldundiak saihesbidearen loturako lanak egingo zituela. Aurrerapen hori udalak hamar urtetako epean ordainduko zuela adostu zuten egun berean.
Horrekin batera, udalak lurren kudeaketaren ardura beregain hartu zuen. “Aldundiagaz hitzarmena sinatu ostean, udalak bere lanak egin zituen eta 2018. urteko martxorako lurrak kudeatu eta jabeekin horien erabilerari buruzko hitzarmenak sinatuta izan genuen”, argitu du Elorzak. Udalak bere aldetik guztia finkatuta utzi arren, aldundia loturako obretan “asko atzeratu egin da eta oraindik ez dago sarrerarik”, zehaztu du.
Herritarrentzako onurak. Udalak nabarmendu duenez sarbideak “zerbitzu garrantzitsua” eskainiko die bermeotarrei. Industriagunerako sarrera zuzena eskainiko du loturak. Ez hori bakarrik, gune horretan 800 garaje plaza pribatu daudela eta 4.000 biztanle inguru bizi direla zehaztu du Elorzak, “Bermeoko biztanleria osoaren laurdena, gutxi gorabehera”.
Sarbideagaz herritar guzti horiek “herri erditik pasa gabe” irtetzeko aukera edukiko dute, eta horrek “duda barik, herri erdiko zirkulazioa arinduko du”.
Lehentasunak. Zinegotziak azpimarratu duenez, udalaren lehentasuna “saihesbidearen sarbidea” eraikitzea da, “herriaren zirkulazio eta mugikortasuna hobetzeko aukera eskainiko duelako”. Zirkulazioa hobetzeagaz batera beste onura batzuk ere eskainiko dituela azaldu du.
Zehazki, Artikako industrialdera joaten diren “bolumen handiko ibilgailuak”, kamioiak eta autobusak esaterako, “ez dira herri erditik pasako”. Horrek herriko zirkulazioa “murriztea” ahalbideratuko du, eta modu horretara “oinezkoei lehentasunak emateko aukerak” lortuko ditu udalak.
“Nahiz eta aldundia asko atzeratu den, Bermeok saihesbideagaz lotura izateko lanak ahalik eta arinen hastea espero dugu, Bermeok ahalik eta arinen saihesbidearekin lotura izateko. Horrez gain, argi utzi nahi dugu udalak eta bermeotarrok hartzen dugula gure gain lan horien kostea eta ez aldundiak”, esanez bukatu du Elorzak.