Xixili Gimnastika Taldeak emaitza onak lortu ditu Macarena Milla Txapelketan
Taldekako lehiari dagokionez, gazteen taldea txapeldun geratu da. Bakarkoan, Garazi Aslak urrezko domina lortu du, eta Estibaliz Barrenetxeak brontzezkoa.
Bizkaiko Gimnasia Federazioak eta Euskal Gimnasia Federazioak antolatuta, Macarena Milla Torneoa jokatu dute Gernika-Lumoko Jai-Alai frontoian, asteburuan.
26 gimnastika taldetako alebin, txiki, kadete eta gazte mailetako ordezkariek bat egin dute. Euskal Herritik ez ezik, Espainiako hainbat txokotatik etorritako gimnastikalariek parte hartu dute txapelketan. Horiek hainbat modalitatetan burutu dituzte erakustaldiak: uztaiak, pilotak, mazoak, zintak… Hala, bakarkako zein taldekako lanetan aritu dira. Esaterako, alebin, txiki, kadete eta gazte kategorietako 140 bakarkako gimnasta federatu aritu ziren, eta 89 bakarkako federatu absolutu, alebin, txiki, junior, senior eta 1. kategorietan.
Xixili Gimnastika Taldeko gimnastak bai maila indibidualean, zein taldean aritu dira, eta horien lana azpimarratu dute taldeko arduradunek: “Denboraldi hasieran bagaude ere, maila ezin hobea erakutsi dute eskualdeko gimnastek. Nilek, Naiak, Izaskunek, Arantzazuk, Eiderrek eta Haizeak osatzen duten gazteen taldea lehen postuan geratu da eta norbanakoetan ere emaitzak oso onak izan dira”.
Hain zuzen ere, bakarkako lehiari dagokionez, bi podium lortu dituzte. Oinarrizko gazte kategorian, Garazi Asla lehenengo postuan geratu da, eta kadeetan, Estibaliz Barrenetxea hirugarren postuan. Aslaren kategoria berean, Zaira Gonzalez ere oso ondo geratu dela zehaztu dute.
“Txiki kategorian ere emaitza onak egon dira eta senior absolutuan ere gimnasta bat izan da, nahiz eta podium postuetan ez geratu. Guztiek egin dute paper ona. Zorionak eman gura dizkiegu txapelketan parte hartu duten gimnasta guztiei, bereziki Xixili taldekoei eta euren entrenatzaileei, izandako emaitzengatik eta lanerako erakusten duten prestutasunagatik”, adierazi dute klubaren ordezkariek.
Gasteizen ere podiumak. Bestalde, aurreko zapatuan (martxoak 2) Euskal ligaren 1. Fasea eta oinarrizko Euskal Herriko Txapelketa jokatu zituzten, Gasteizen. Xixiliko txiki mailako taldea txapeldun eta gazteena txapeldunorde geratu ziren. Gazte mailan zilarrezko domina irabazi zuen Zaira Gonzalezek eta Estibaliz Basterretxeak kadeteetan.