Nortasunari eutsiz, Avenidaren kontra
Lointek Gernika Bizkaiak lehiakor eta nortasuna mantenduz aurre egin dio Perfumerias Avenida. Dia Ligaren 22. jardunaldian, talde gernikarrak 72-88 galdu du Salamancako taldearen kontra.
Erregina Kopan kanporatu zuen taldearen kontra jokatu du asteburuan Lointek Gernika Bizkaiak ( 74-46 galdu zuen finalaurrekoan). Atzo arratsaldean saskibaloi ikuskizunak gozatzeko gogoz zeuden zaleek Maloste bete egin zuten. Dia Ligako bi talde indartsuenetarikoak aritu ziren zein baino zein gehiago, eta bi taldeetako jokalariek ez zuten hutsik egin.
Gainera, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, emakumeenganako indarkeriaren kontrako mezua zabaldu zuten, bi taldeen talde argazkia aterata. Horrela hasi zuten arratsaldea.
72-88 galdu zuen etxeko taldeak. Baina, ligako faboritoetako bati aurre egiten badakiela erakutsi zuen, beste behin. Izaera lehiakorra erakutsi zuten etxeko jokalariek.
Lehen laurdena puntu bat aurretik amaitu zuten (21-20). Williamsek Malosteko lehen minutuak jokatu zituen, eta etxekoen aurrean ere bere maila eman zuen. Bigarren laurdenean, Avenidako Loyd izan zen protagonista nagusia. Bere hirukoekin eta bere talentua agerian utzi zuen. Erakustaldia eman, eta markagailua irauli zuen: 25-31. Mario Lopez Lointeken entrenatzaileak hutsartea eskatu zuen. Hala ere, Loyd-ek 6,75 metrotatik egindako jaurtiketagaz erantzun zion. 25-34ko markagailuagaz, momentu latza izan zen etxeko taldearentzat. Ez zegoen inprobisazioarako tarterik; prestatutako jokaldien beharra zuten, eta Nacikaitek ondo erantzun zuen, 5-0ko partzialagaz. Miguel Angel Ortega Avenidaren entrenatzaileak hutsartea eskatu zuen. Jarraian, Salamancako taldeak puntuak pilatzen jarraitu zuen. Williamsek partiduan sartu zuen etxeko taldea, eta 38-47ko emaitzagaz amaitu zuten lehen zatia.
Partidu ikusgarria izan zen; talentu, kalitate, erritmo eta emozio handikoa. Bigarren zatiaren hasiera, partidua irekita zegoen. Williamsek itxaropenerako aukera zabaldu zuen, markagailuko aldea murriztuta: 40-47. Baina, garaipena bermatu guran, aurkariek beste pauso bat eman zuten. Lointekekoak nahi eta ezinean egon ziren, barruko jokoa faltan.
14 puntuko aldeari (40-54) buelta ematea ez zen lan erreza. Gainera, Avenidakoek lehiakor jarraitu zuten, aurkari gogorra direla erakutsiz. 5-17ko partziala erabakigarria izan zen. Mazionytek oxigeno apur bat eman zion taldeari; esperantza Malosteko zaleei. 53-68-ra hurbildu ziren. Etxeko taldeak lan ona egin zuen, eta bizirik heldu zen azken laurdenera.
Argumentuekin, ausart eta nortasunari eutsiz aurre egin zion azken txanpari etxeko taldeak, eta zaleek neurri berean erantzun zuten. Esatearko, Mazionytek bere denboraldiko partidu onena egin zuen, eta Williamsek Avenidakoak alerta egoera egotea eragin zuen. Alabaina, aurkariek bere abantailari eusten asmatu zuten.
Partidu amaieran, Lopezek adierazi zuen borrokatu arren, garaipena lortzea ezinezkoa izan zela: “Borrokatzea gure taldearen nortasunaren parte da. Aldea murriztea lortu dugu, baina, edozein baloi galtze, erasoko errebote zein defentsako hutsegite eginez gero, eurek ondo aprobetxatzen dute beti”. Taldeak emandako irudiagaz pozik dagoela gaineratu zuen.
Hirugarren postuan, sendo. Emakumezkoen Ligako 2018-2019 denboraldia amaitzeko lau jardunaldi geratzen dira, eta Gernika-Lumoko taldeak hirugarren postuan jarraitzen du. 38 puntu ditu; bost puntura ditu Avenida eta Girona, eta Cadi La Seu da laugarrena, 37 puntugaz.
Lointek Gernika Bizkaiak Leonen lehiatuko du hurrengo jardunaldia, Embutidos Pajariel Bembibre PDren kontra, zapatu arratsaldean.